Urtero bezala, zinemaz aire zabalean gozatzeko saioak programatu ditu Udalak udan. Aurten bi film emango dira, haurrei zuzendutako animaziozko bi lan, euskaraz. Eta lehen emanaldia bihar, uztailaren 8an, egingo da, hondartzako berdegunean, 22:00etatik aurrera.
Proiektatuko den filma 2023ko Lagunak erreskatera ekoizpen frantziarra da. Zinema Euskaraz programaren bidez itzuli da euskarara, eta oihanean bizi den animalia kuadrila baten abenturak kontatzen ditu, komedia gakoan. Superbilau misteriotsu batek urarekin kontaktuan eztanda egiten duen apar arrosa toxiko batekin estali du oihana, eta lagunak erreskatera irtengo dira, eurite sasoitik hilabete baino gutxiago falta denean, antidoto bat lortzeko.
Filmak 89 minutuko iraupena du, eta adin guztietako haurrentzat dago gomendatuta. Segidan duzue trailerra.
