Orioko Udalak kirol-zerbitzu berria jarriko du martxan irailetik aurrera, eta Udala bera arduratuko da zerbitzuaren kudeaketaz. Horren aurretik, apirilean, kirol-instalazioen gestioa Neo enpresari adjudikatzea onartu zuen udalbatzarrak, eta hitzarmen berria uztailean sartu da indarrean. Ondorioz, aldaketa batzuk izango dira uztailean eta abuztuan.
Irailetik aurrera, zerbitzu berriari lotuta, abonamenduak, kiroldegiaren ordutegia eta jardueren eskaintza eguneratuko dira. Udalaren helburua da zerbitzuan hobekuntzak egitea, eta kiroldegiko instalazioak eta jarduera-programa modernizatzea eta aberastea. Baina, horren aurretik, uztaila eta abuztua trantsizioa egiteko hilabeteak izango dira, eta Udalak pazientzia eskatzen die herritarrei.
Hauek dira uztailean eta abuztuan egingo diren aldaketak:
Ordutegi berria
Karela kiroldegia
- Astelehenetik ostiralera: 7:00-13:00 / 16:00-20:00
- Larunbat, igande eta jaiegunetan: 9:00-13:00 / Arratsaldetan itxita
Igerilekua
- Astelehenetik ostiralera: 7:30-12:30 / 16:30-19:30
- Larunbat, igande eta jaiegunetan: 9:30-12:30 / Arratsaldetan itxita
Irailetik aurrera ordutegi hau egokitu egingo da, eta bai kiroldegia eta baita igerilekua ere irekita egongo dira eguerditan.
Muskulazio–aretoak
Haize Berri taberna zegoen lekuan muskulazio areto berri bat jarriko da, kirol-elkarteei zuzenduta. Eta kiroldegiko ikastaroak ere egiteko balioko du. Horrez gain, gaur egungo gimnasioa ere eguneratuko du Udalak, eta makinaria berria jarri.
Bi espazioak egokitzeko lanak egingo dira uztailean eta abuztuan, baina zerbitzua bermatuta egongo da lanek irauten duten bitartean. Irailetik aurrera, halaber, bi espazio horietan begiraleak egongo dira hainbat orduz, laguntza eta aholkularitza emateko eta entrenamenduak diseinatzen laguntzeko.
Itxialdi teknikoa
Urtero bezala, Karela kiroldegiak araudiak ezarritako txukuntze- eta mantentze-lanak egingo ditu abuztuan: igerilekua hustuko dute, filtroak eta uraren zirkuitua garbitu, bakterien aurkako tratamendua eman… Abuztuaren 18tik 31ra bitartean izango da itxita kiroldegia eta, beraz, irailaren 1ean irekiko ditu berriz ateak, astelehenarekin.
Datozen urratsak
Udako egokitzapenen ondotik, irailean sartuko da indarrean kirol-zerbitzu berria. Une horretatik aurrera, abonamenduen sistema berria ezarriko da, eta kirol-txartela jarriko da martxan. Gainera, Orioko kirol-ekipamendu guztiak modu bateratuan kudeatuko dira Karela kiroldegitik, eta hango leihatila izango da herriko kirolaren sarbidea.
Udalak irailaren hasieran emango du kirol-zerbitzu berriari buruzko informazio osoagoa Udalaren webgunean eta kiroldegiko leihatilan. Ikasturte berriko jarduera-eskaintza ere ohi bezala kaleratuko du, irailean.
