Uztailaren 20an, igandearekin, Orion jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako 6. jardunaldiak, Orio Kanpina 13. banderak. Eta uztailaren 19an, larunbatarekin, KAE2 mailako proba puntuagarria jokatuko da, Orio Kanpina 7. bandera. Kirol-probak aurkezteko agerraldia egin dute gaur Anuska Esnal Orioko alkateak, Olatz Santamaria eta Lourdes Salsamendi Udaleko zinegotziek eta Andoni Campos eta Itziar Olasagasti Orio Arraunketa elkarteko ordezkariek.
Camposek nabarmendu duenez, “Asteburuko hiru probetan Orioko taldeak bandera lortzeko lehiatuko dira, eta hori da guretzat garrantzitsuena”.
Igandeko probak
Uztailaren 20an, igandearekin, Orio Kanpina 13. banderak jokatuko dira, itsasoan. Estropada-eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko espigoiaren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. Euskotren Ligako emakumezkoen proba 11:20 aldera abiatuko da, eta zortzi traineruk hartuko dute parte: Orio Orialki, Donostia Arraun Lagunak, Nortindal Donostiarra, Tolosaldea Arraun Kluba, Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika jamones Ancin, Zumaia Delteco eta SD Remo Astillero Éneryt Servicios. 1,5 itsas-milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin.
Olasagastik adierazi duenez, “Herritarrak animatu nahi ditugu Herriko Plazan jarriko den aisialdi-gunera edo itsasora hurbiltzera eta probez gozatzera”.
Haien ostean, 12:20 aldera, jokatuko da Eusko Label Ligako gizonezkoen proba, Orio Kanpina 13. bandera. Hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. Hiru txandatan ariko dira hamabi traineruak: Bermeo Urdaibai, Zierbena Bahias de Bizkaia, Orsa Hondarribia, Orio Orialki, Naiz Homes Donostia, Getaria, Ondarroa Kide, CR Cabo Da Cruz, Lekittarra Elecnor, Kaiku, San Juan CMO Valves eta Kyb de Remo de Ares.
Urtero bezala, aisialdi-gunea Herriko Plazan jarriko dute. Eusko Labeleko produktuak jateko eta edateko aukera izango da bertan eta, horrez gain, pantaila erraldoia jarriko da, estropada bertan ikusi ahal izateko. Kanpoko espigoian, bestalde, harmailak jarriko dira, eta gonbidapena beharko da hara sartzeko.
Larunbatean, KAE2 mailako proba
Larunbatean, aldiz, KAE2 mailako Orio Kanpina 7. bandera jokatuko da. Horren aurretik, Hernaniko Arraun Elkarteak antolatuko duen ETE Ligako estropada jokatuko da errioan, 11:15ean hasita. KAE2 mailako probari dagokionez, kale bakarrean, erlojupeko lau luze egin beharko ditu traineru bakoitzak, hiru ziabogarekin (5.556 metro). Sei traineru izango dira lehian, eta, ohi bezala, Herriko Plazatik irtengo dira, Ortzaikaraino joateko.
Horren aurretik, goizean, Orio Arraunketa Elkarteko kideek kamisetak jasotzeko aukera izango dute Endaia plazan jarriko den postuan.
