Larunbatean 15. Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren emanaldia egingo da Orion

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, eta Debako, Zumaiako, Getariako eta Orioko udalekin elkarlanean, Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren 15. ekitaldia egiten ari dira uztailean. Hilaren 5ean abiatu zen zikloa Deban, eta Orioko emanaldiarekin itxiko da jaialdia, larunbat honetan.

Debakoa bezalaxe, Orioko emanaldia ere ongintzako kontzertua izango da, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearekin elkarlanean antolatuta. San Nikolas elizan egingo da saioa, eta emanaldi berezia izango da, Buster Keaton-en Sherlock Jr. filmeko musika joko baitu Oscar Rodriguez Pastora organistak. Emanaldia doakoa izango da.

Oriokoa azken emanaldia izango da, eta hauek izan dira aurtengo emanaldiak:

  • Uztailaren 5ean, larunbata: Quinmetal eta Santiago Barda, organoa. 20:00etan Debako Andra Mari elizan. AFAGIrekin elkarlanean antolatutako saioa.
  • Uztailaren 13an, igandea: Marixi Sesma klarinete-jotzailea eta Mari Carmen Azpeitia organista. 20:00etan Zumaiako San Pedro parrokian.
  • Uztailaren 20an, igandea: Laura Moyano sopranoa, José Belmonte biolin-jolea eta Miguel del Barco organista. 20:15ean Getariako San Salvador elizan.