Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetzeko, igogailu berri bat eta aparkalekuak jartzeko aukerak aztertzen ari da Udala

Orion mugikortasun-eredu jasangarria lortzeko bidean, Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetu nahi du Udalak eta, horretarako, ideia-lehiaketa bat deitu zuen. Lehiaketara proposamen bakarra aurkeztu da, Clara Corominas eta Maia Agueda arkitektoek egina, Self Office arkitektura-bulegoarekin elkarlanean. Proposamen hori herritarrei aurkezteko bilera irekia egin zuten joan den ostegunean.

Bileran aurkeztu zuten proposamenaren arabera, hiru esku-hartze nagusi proposatzen dituzte Clara Corominasek eta Maia Aguedak:

  • Igogailua instalatzea, Aritzaga eta Antxiola lotzeko

  • Aparkaleku berriak sortzea Goiko Kalean

  • Trafikoaren antolamendua aldatzea eta oinezkoen ibilbideak sortzea

Proposamenaren xehetasunak ikusgai daude gukoriori webgunean, txosten honetan.

Datozen urratsak

Udalak uztailaren 24an egin zuen bilera, proposamena herritarrei aurkezteko. Parte-hartze handia izan zen eta bertaratuek ekarpen ugari egin zituzten. Datozen hiletan, Udaleko bulego teknikoak aztertuko ditu proiektua eta herritarrek egindako ekarpenak eta, ondoren, horren berri emango die herritarrei.