Jasotzen ari garen uzta

Herriko txaranga sortzeko ekimena 2023an jarri zen abian. Udalak deituta, hainbat bilera egin ziren herritarrekin, eta egitasmoa aurrera eramateko borondatea zegoela ikusita, txaranga martxan jarri zen udaberrian. Ordutik, festak eta alironak girotzeaz arduratu dira herriko musikari gazte eta helduak, eta herritik kanpo ere, oriotarren kirol-probak eta bestelakoak musikatzen ibili dira.

Aurtengo udan, hain zuzen, txaranga ia astebururo atera da kaleak alaitzera eta estropalarien alironak ospatzera. Musikariak gogotsu ari dira lanean, eta txalotzekoa da haien konpromisoa. Udalaren ikuspegitik, halako ekimenak dira herrigintzaren oinarri, eta balio garrantzitsuak sustatzen dituzte: belaunaldien arteko harremana, herriko ondarearen transmisioa, taldearekiko konpromisoa, Orioko bizi-giroa…

Horregatik guztiagatik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie txaranga osatzen duten herritar guztiei.