Karela kiroldegia itxita egon da azken bi asteotan, abuztuaren 18tik 31ra, urteroko mantentze-lanak egiteko eta gimnasioak egokitzen bukatzeko. Datorren astelehenean, irailak 1, zabalduko ditu ateak, eta ordutegi berria izango du. Irailaren 5ean, halaber, irekiko da 2025-2026 ikasturteko ikastaroetan izena emateko epea.
Orioko Udalak Neo enpresari adjudikatu dio kiroldegiaren kudeaketa, eta uztailaz geroztik, hitzarmen berria indarrean da. Azken bi hilabeteetan udako ordutegia izan du kiroldegiak, eta irailetik aurrera, ordutegi berria izango du, honakoa:
- Astelehenetik ostiralera: 07:00-21:00
- Larunbatetan: 09:00-13:00 eta 16:00-20:00
- Igande eta jaiegunetan: 09:00-13:00
Gimnasioetako lanak, bukatuta
Kiroldegiko gimnasioak handitzeko eta berritzeko lanak ere egin ditu Udalak azken asteetan, eta irailaren 1etik aurrera erabilgarri egongo dira.
Ikastaroen izen-ematea, irailaren 5etik aurrera
2025-2026 ikasturteko ikastaroen eskaintza berria ere ia prest du Udalak, eta datorren ostiralean, irailak 5, zabalduko da izen-ematea. Horren aurretik, irailaren 3an, emango du ikastaroen egutegiaren, ordutegiaren eta prezioen berri.
