Orioko Udalak frontoiaren argazkiak biltzeko deialdia egin du

Udalak uztailean jakinarazi zuen herriko frontoia eraisteko lanak urrian hasiko dituztela. Horren aurretik, frontoiari merezi duen agurra eman nahi dio irailean, eta Ospele pilota klubarekin elkarlanean, ekitaldia prestatzen ari da. Dataren berri laster emango du Udalak.

Ekitaldi horretarako, herriko frontoiaren argazkiak bildu nahi ditu Udalak, eta herritarrei dei egiten die etxean dituzten irudiak bidali ditzaten. 

Kirolerako ez ezik, elkargune gisa ere erabili da urte luzez pilotalekua, eta oriotar guztien oroimenean egongo da aurrerantzean ere. Horregatik, frontoian egin diren orotariko ekitaldien argazkiak jaso nahi ditu Udalak, besteak beste, herri bazkariak, kultur ekitaldiak, herriko eragileek antolatutako erakustaldiak, topaketak… 

Argazki horiek ikus-entzunezko euskarri batean txertatuko dira, eta horrez gain, herriko artxiboan ere jasoko dira. Beraz, ahal dela, kalitate oneko argazkiak bidaltzea komeni da, jpg formatuan.

Argazkiak bidaltzeko azken eguna irailaren 16a izango da, asteartea. Eta bi modu daude  horretarako: online, komunikazioa@orio.eus helbidean, edo aurrez aurre, Orioko Udaleko artxiboan (3. solairuan).