Behoria Garbia ekimenaren hirugarren edizioa Orioko itsasadarrean egingo da irailaren 27an

Begi Bistanek antolatutako Behoria Garbia ekimena irailaren 27an egingo da aurten. Orioko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Itsas Garapen Elkarteak, Surfrider-ek eta Arkupe merkatarien elkarteak babestutako jarduera da, eta herritarrak eta bisitariak ingurune naturala zaintzeko konpromisoan parte hartzera gonbidatzea du helburu, ekintza zehatz eta parte-hartzaileen bidez.

Gaur egin dute ekimena aurkezteko prentsaurrekoa, eta agerraldian izan dira Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua; Anuska Esnal Oliden Orioko alkatea eta Olatz Santamaria eta Lourdes Salsamendi Orioko Udaleko zinegotziak; Naiara Malave Begi Bistanen arduraduna; eta Xavier Curto Surfrider-en ordezkaria.

Ekimena 11:00etan hasiko da Arraunetxen, Orioko itsasadarraren garbiketarekin. Parte-hartzaileek aukera izango dute kayaketan zein itsasadarraren ertzean hondakinak jasotzeko. Jarduera inklusiboa izango da, eta desgaitasunak dituzten pertsonei egokituta egongo da.

Goizeko garbiketaren ostean, Antillako hondartzan “Colillatón” berezia egingo da Surfrider elkartearekin elkarlanean. Zigarrokinen bilketaren bidez, ozeanoak zaintzeko urrats txiki baina eraginkorrak emateko beharra azpimarratuko da.

Arratsaldean, berriz, kultur eta dibulgazio jarduerak izango dira. Herriko Plazan, esaterako, produktu iraunkorren merkatua eta haur zein helduentzako tailerrak eskainiko dira, plastikoen murrizketaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan gogoeta egiteko. Horrez gain, bisita gidatuak eta itsasontzian ibilaldiak ere egingo dira, Orioko itsasadarrari eta herriaren historia eta erronkei buruz gehiago jakiteko.

Izen-ematea, zabalik

Behoria Garbiaren oinarrian dago ekoturismo birsortzailea, hau da, ingurunea zaintzeaz gain, biziberritzeko ekimen kolektiboak sustatzea. Horregatik, Begi Bistanek gonbita luzatu nahi die herritarrei, asteburuko jardueretan parte hartuta, ingurumenarekiko errespetua eta ohitura jasangarriak indartu ditzaten.

Jardueretan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Begi Bistanen webgunearen bidez. Izen-emateak kostu sinbolikoa du, materiala eta jardueretan parte hartzea bermatzeko.