Frontoiari agurra egingo zaio larunbat honetan, irailaren 27an

Orioko Udalak urte hasieran iragarri zuen bezala, Eusko Gudari kaleko 36-42 zenbakidun etxebizitzak eta frontoia eraitsiko dituzte urritik aurrera, etxebizitza berriak, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikitzeko. Horren aurretik, frontoiari merezi duen agurra egingo zaio larunbat honetan, irailaren 27an.

Ospele pilota klubarekin elkarlanean prestatu du Udalak agur-ekitaldia. Arratsaldeko 16:00etan hasita, haurren pilota topaketak egingo dira 17:45 arte, eskuz; eta jarraian, esku-pilotako eta erremonteko erakustaldiak egingo dituzte herriko pilotari ohiek: Oliden-Oliden vs. Aranburu-Aranalde, eskuz; eta Brit-Itxaso vs Agirresarobe-Osa-Iribar, erremontean.

Afalostean, 21:00etan, agur-ekitaldia egingo da frontoian bertan, eta herritar guztiak daude gonbidatuta hitzordura.