Orioko Udalak, Eihera kooperatibarekin eta herriko eragileen laguntzarekin, landu duen Orioko Hezkidetza Diagnostikoa jendaurrean aurkeztu zuen joan zen ostiralean, irailak 19. Saioa Pilliku plazan egin zen, eta 50 bat lagun bildu zituen hitzorduak. Orain, Udalak herritarren eskura jarri du diagnostikoa hemen eta Guk Oriori atarian, Berdintasunerantz erronkaren baitako Hezkidetza Mahaiaren atalean.
Ostiraleko aurkezpen ekitaldian zehar, Kattalin Miner Eihera kooperatibako teknikariak, Miriam Garcia eta Aizpea Esnaola Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen arduradunek; eta Orioko Udaleko Anuska Esnal alkateak eta Ainara Munduate zinegotziak hartu zuten hitza. Eta jarraian, zuzeneko elkarrizketak egin zizkieten herriko eragileei: Orioko Herri Ikastolako Ainara Peña eta Bakar Oliden; Zaragueta Herri Eskolako Ainhoa Zumeta eta Belen Aberasturi; Orioko Herri Mugimenduko Nadhet Arruti, Ainara Zamakola eta Ekhi Gozategi; Orio Arraunketa Elkarteko Itxaso Azkonobieta eta Nagore Iturralde; eta Gazteon Ahotsako Maddi Etxeberria eta Beza Ijurko.
Askotariko gaiak jasotzen ditu diagnostikoak, hitz egiteko errezak ez diren bizipen, sentsazio eta errealitateak. Horregatik, aurkezpenean parte hartu dutenek positibotzat jo dute egindako lana, entzunak izateko eta Orio bizigarriago bat egiteko bidean urrats garrantzitsua egin dela uste baitute.
Saioari amaiera emateko, Beatriz Egizabal kontalari komikoak diagnostikoan oinarritutako bakarrizketa egin zuen, bertan jasotako ondorioei umore ukitua emateko.
Modu horretan, iaz abiatutako lanketa prozesua borobildu zen, eta datozen urratsak martxan jartzeko oinarriak ezarri.
Hezkidetza Diagnostikoa, online irakurgai
Ur bazterretik Orioko Hezkidetza Diagnostikoa sortzeko prozesuan 100dik gora herritarrek hartu dute parte, norbanako gisa zein elkarteren bat ordezkatuz. Udalaren eta Eiheraren ikuspegitik, prozesua parte-hartzailea izan da oso, eta egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin pozik daude biak.
Diagnostikoaren liburuxkaren diseinua, halaber, Eneritz Ibarrak egin du, eta azala herriko hainbat neska gazteren laguntzarekin osatu du.
Liburuxka Orioko Udaleko bulegoetan, kultur etxean eta Saregilen dago eskuragai, eta online hemen irakurri daiteke.

