Ekitaldi gastronomiko handi batek hartuko du asteburuan Herriko Plaza: Udalak Parrilla Festa antolatu du herriko eragileekin elkarlanean. Urriaren 3tik 5era, herriko ondare gastronomikoa zabaldu eta goraipatuko da.
Ondarearen transmisioan eragitea da ekimenaren helburua, eta horregatik du festa gastronomikoak planteamendu berezia: egun batez parrillero izateko aukera eskainiko da. Hain zuzen, urriaren 4ko bi jardueretan parte hartzeko txartelak eskuragai daude oraindik turismo-bulegoan.
Bazkaria, elkarte gastronomikoan
Eguerdian, elkarte gastronomiko handi bihurtuko da plaza. Parte-hartzaileek taldean eman behar dute izena, eta pertsonako 20 euro balio ditu txartelak; herriko tabernek prestaturiko 4 hasierako plater, ura, sagardoa eta postrea sartzen dira prezioan. Erabiltzaileen egiteko bakarra taldea antolatu eta Orioko arraindegi batean arraina erostea da, bazkaritan erretzeko. Erretzeko, gainera, herriko parrillero eskarmentudunak izango dituzte alboan, haiengandik ikasteko eta aholkuak jasotzeko.
Afaltzeko, pintxo-potea
Larunbat iluntzean, halaber, pintxo-pote gastronomikoa egingo da plazan, eta txartel batzuk geratzen dira oraindik (ostiraleko pintxo-poterako txartel guztiak ahitu ziren). Beste mota bateko esperientzia da: parrilleroek sasoiko arrainak erreko dituzte, eta talde txikitan banatuta, erabiltzaileek ikusiko eta ikasiko dute nola erretzen dituzten. 10 euro balio ditu txartelak, eta erretako arrainarekin egindako 3 pintxo, gilda bat eta txakolina hartzeko aukera izango da.
Zalantzak izanez gero, turismo-bulegora jotzeko aukera dago: Aritzaga kaleko bulegora (jarraian ordutegia), 943 835 565 telefono zenbakira deituta edo infoturismoa@orio.eus helbidera idatzita.
- Asteartea: 09:30 – 13:00
- Asteazkenetik ostiralera: 09:30 – 13:00 eta 16:00 – 19:00
- Larunbata: 09:30 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
- Igandea: 10:00 – 14:00
