Ostiralean ekingo zaio Parrilla Festari, eta igandera bitarte, Orioko itsas tradizioarekin lotutako jarduerez gozatzeko aukera izango da herrian. Gazte eta helduentzat ez ezik, haurrentzako eskaintza ere atondu dute Orioko Udalak eta Parrilla Festaren antolaketan parte hartu duten eragileek, eta ostiral arratsaldean eta larunbat goizean egingo dira haiei zuzendutako ekintzak.
Parrilla Festa, hain zuzen, urriaren 3ko arratsaldean piztuko da, Herriko Plazan. Baina horren aurretik, haurrentzako ikastaroa eskainiko da anbulatorio atzeko moilan. Izan arrantzale izenburupean, arrantzari buruzko hastapen saioa izango da: arrantza egiteko oinarrizko tresnak zeintzuk diren azalduko zaie parte-hartzaileei, amu motak, arrantza egiterakoan kontuan hartu beharreko hainbat alderdi…
Ikastaroa 17:00etan hasiko da, eta Kofradia Itsas Faktoriako kideak arduratuko dira gidaritzaz. 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastaroa da, eta ez da aurrez izena eman behar.
Larunbatean, Mutiozabalen ate irekiak
Urriaren 4an, larunbatarekin, Mutiozabalen ateak zabalduko dituzte bisitarientzat. Ontziola ezagutzeko hitzordua izango da, 11:00etatik aurrera, eta horrez gain, haurrei zuzendutako jarduerak ere prestatu dira. Kasu honetan ere, ez da aurrez izenik eman behar.
