Orioko Surf Taldeak eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak elkarlanean antolatu dute Orioko Emakumeen Surf Topaketaren bigarren edizioa. Lehenengoa 2024ko maiatzean egin zuten, eta 30 bat emakumek hartu zuten parte. Izandako arrakastaren ondoren, larunbat honetan, urriak 4, egingo dute bigarren saioa, 10:00etatik aurrera, Antilla hondartzan.
Bi orduko saioa izango da, 12:00ak arte, eta ezinbestekoa da izena ematea parte hartzeko. Horretarako epea gaur, urriaren 1ean, itxiko da, eta interesa duten herritarrek lotura honen bidez eman behar dute izena.
Udazkeneko eskaintza, Saregilen
Saregilek irailean eman zuen udazkeneko egitarauaren berri, eta ikastaroetan izena emateko epea irailaren 26an itxi zen. Eskainitako ia tailer guztiak bete dira, eta txalaparta ikastaroan bi talde osatu behar izan dituzte, jasotako eskaera oldea ikusita.
Aldiz, haurdun dauden emakumeei zuzendutako tailerra jarraia da eta izen-ematea zabalik mantenduko dute; edozein unetan egongo da aukera saioekin bat egiteko.
Informazio osagarria behar izanez gero, edo saioetan izena emateko, Saregileren sare sozialetara edo webgunera jotzeko aukera dago. Haiekin zuzenean harremanetan jartzeko telefonoa eta posta elektronikoa: 623178553 eta saregile@orio.eus.
