Bookstart Euskadi-Gipuzkoa ekimenaren bidez, 0-3 urte arteko haurrentzako liburu-sortak banatuko dira egunotan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak, Mestiza elkarte artistiko-soziokulturalaren eskutik, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa proiektua jarri zuten abian 2022an. Honen bidez, 2022tik aurrera jaiotako haurrek liburu-sorta bat jasotzen dute inolako kosturik gabe. Oriok iaz egin zuen bat ekimenarekin, eta bederatzi dira jada proiektuan parte hartzen duten udalerriak.

Orioren kasuan, gaur, urriaren 7an, banatu dituzte 0-3 bitarteko haurrentzako liburu-poltsak eskolaren, ikastolaren eta haurreskolaren bidez; baina oraindik zentroetara iritsi ez diren haurrek ere aukera dute liburu-poltsa horietako bat eskuratzeko, gaurtik aurrera, udal-liburutegian eskatuta. 

Liburu-sorta bakoitzean euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana izango dira, eta irakurketak haur txikientzat dituen onurei buruzko informazioa. Proiektuaren helburua da haurren artean irakurzaletasuna sustatzea, eta liburuekiko, abestiekiko eta errimekiko zaletasuna indartzea.

Liburu Baby Kluba

Bookstar Euskadi-Gipuzkoa programa osatzeko, irakurketa sustatzeko saioak egingo dira, Liburu Baby Kluba izenburupean; jarduera ludikoa, didaktikoa eta doakoa izango da, helburu duena literatura, musika, artea eta naturarako interesa sustatzea haur txikien eta beren familien artean.

Hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta ingelesa) egiten den ekimen hau Donostian sortu zen, eta hango 11 kultur etxeetan mantentzen da oraindik ere, baina Bookstart Euskadi proiektuari atxikitako herrietara ere zabaldu da.

Orion, abenduaren 1ean egingo da Liburu Baby Klubaren saioa, 17:30ean liburutegian. Saio bakoitzean 20 lagunentzako lekua izango da; beraz, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea liburutegian bertan.