Sara Azurza musikagile donostiarrak Hiri ilunen umeak bigarren diskoa aurkeztu zuen udaberrian, eta azaroaren 1ean Orion izango da, lan horretako doinuak eta bere ibilbideko kanta ezagunak eskaintzen. Emanaldia 21:00etan hasiko da, kultur etxean, eta sarrerak turismo-bulegoan egongo dira gaur arratsaldetik hasita, urriak 24.
Azurzak Iker Lauroba, Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley musikagile eta taldeekin abitau zuen bere ibilbidea. 2018an aurkeztu zuen bere bakarkako lehen lana, Theorein, euskaraz eta ingelesez sortutako bost kantarekin.
2025ean, aldiz, indie-soul elektronikoaren eraginak islatzen dituen Hiri ilunen umeak lan berria aurkeztu zuen. Kasu honetan, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako zortzi abesti biltzen ditu diskoak, eta kezka eragiten dioten gaiak ditu hizpide, hala nola, heldutasuna, bakardadea, askatasunaren bilaketa, gorputzarekiko harremana eta norbere buruaren ezagutza. Horien inguruan hitz egiteko, esperientzia propioak izan ditu oinarri.
Diskoari izena ematen dion kantaren bideoklipa jarraian:
Sarrerak, eskuragai
Sara Azurzaren kontzerturako sarrerak gaur arratsaldean, urriak 24, jarriko dira salgai turismo-bulegoan, 5 euroan. Hau da turismo-bulegoaren ordutegia:
- Asteartea: 09:30 – 13:00
- Asteazkenetik ostiralera: 09:30 – 13:00 eta 16:00 – 19:00
- Larunbata: 09:30 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
- Igandea: 10:00 – 14:00
