Azaroaren 22a Santa Zezilia eguna da, Musikarien Eguna, eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleek ekitaldi berezia prestatu dute azaroaren 20an, ostegunarekin, haien eguna ospatzeko.
Goizean, 11:30ak aldera, Eguneko Zentrora joango dira eskolako ikasle eta irakasleak, eta egoiliarrei ekitaldi txiki bat eskainiko diete. Gainera, haiekin kantatzera animatuko dituzte.
Arratsaldean, bestetik, bi ekintza egingo dituzte ikasleek: 17:30ean hasita, eskolatik Herriko Plazarainoko bidea kalejiran egingo dute trikitilari eta panderojoleek, txistulariek eta dantzariek. Ondoren, plazan bertan kontzertua emango dute soka taldeak, bandek, dantzariek eta musikako ikasleek, 18:30ean hasita.
Ikasleak gogoz ari dira ekitaldiak prestatzen, eta herritarrak animatu nahi dituzte saioez gozatzera!
