Aitziber Garmendiaren eta Jon Plazaolaren ‘Arizona’ antzezlanerako sarrerak bihar jarriko dira salgai 

Azaroaren 22an, larunbatarekin, Arizona antzezlana eskainiko dute Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek Orion. Sarrerak 10 euroan izango dira eskuragai bihartik aurrera, azaroak 12, turismo-bulegoan.

Juan Carlos Rubiok 2005ean idatzi zuen obra. Garai hartan, AEBtako herritarrei deia egin zitzaien mugara joan zitezen, etorkinen etorrera gelditzen laguntzera, eta 20 urte geroago, gaiak gaurkotasun handia izaten jarraitzen du. Antzezlaneko protagonistak, hain zuzen, George eta Margaret dira, Arizonako basamortura joango den bikotea, muga zaintzera. 

Antzezlanak migrazioa, mugak, diskurtso politikoak edota obedientzia bezalako gaiak ditu hizpide, eta umoretik heltzen die guztiei. Txalo Produkzioak-en ekoizpenak 75 minutuko iraupena du, eta Kepa Errasti eta Esteban Roel arduratu dira lanaren zuzendaritzaz.

Sarrerak, eskuragai

Antzezlana ikusteko sarrerak azaroaren 12ko arratsaldetik aurrera izango dira eskuragai turismo-bulegoan, jarraian zehaztutako ordutegian. Pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera eskuratu ahal izango ditu. 

  • Asteartea: 09:30 – 13:30
  • Asteazkenetik ostiralera: 09:30 – 13:30 eta 16:00 – 19: 00
  • Larunbata: 09:30 – 15:00
  • Igandea eta jaiegunak: 10:00 – 14:00