Antilla hondartzaren inguruan egingo diren esku-hartzeen berri eman zuen ostegunean Udalak, kultur etxean egindako bilera irekian

Orioko Udalak antolatuta, Antilla hondartzako eremuari buruzko bilera irekia egin zen ostegun iluntzean kultur etxean. 40 bat lagun bildu ziren 19:00etatik aurrera areto nagusian, eta Orioko Udaleko Olatz Santamaria eta Lohitzune Solabarrieta zinegotziek emandako azalpenaren ondoren, ekarpenak eta galderak egiteko tartea izan zuten.

Saioaren helburua izan zen azken urteotan gauzatutako esku-hartze nagusiak herritarrei azaltzea eta datozen urteetarako aurreikusitako egokitzapenen berri ematea, hondartzaren irisgarritasuna bermatzeko eta auzoa, oro har, jasangarriagoa izan dadin.

Hondartzaren bilakaera

Aurkezpenaren hasieran, Antilla hondartzak 60ko hamarkadaz geroztik izandako bilakaera bistaratu zen: urbanizazio-prozesua, kirol portuaren sorrera, duna gunea sortzeko saiakera eta itsasertzeko azpiegituren egokitzapenak. Garrantzitsua da nondik gatozen aztertzea, etorkizuneko esku-hartzeak diseinatzeko.

Udal kanpina

Orio Kanpinaren eraldaketa prozesua izan da eremu horrek azken urteetan jasan duen aldaketa nagusia. 2012-2015 aldian 1,7 milioi euroko inbertsioa egin zuen Udalak azpiegiturak berritzeko, bungalowak jartzeko, partzela gehiago sortzeko eta zerbitzu-sarea egokitzeko. Horri esker, kanpinak hazkunde ekonomiko handia izan du, eta errentagarriagoa da egun.

Orain, 2024-2027 inbertsio-planaren baitan, esku-hartze nagusi hauek egingo dira: 

  • Igerileku berria martxan jarriko da, denboraldi osoan erabiltzeko aukerarekin (eguzkitsuagoa, klimatizatua eta etorkizunean hala nahiko balitz, estaltzeko aukera duena).
  • Bungalowen gune berriak sortuko dira, igerileku zaharra zegoen lekuan, bata, eta igerileku berriaren ondoan, bigarrena. Guztira, hamaika bungalow berri izango dira.
  • Azpiegiturak eta eraikinak egokitzen jarraituko da. Mantenu lanak eta konponketak eginda, eraikinen eta bungalowen erabilera-epea luzatuko da.

Mugikortasuna

Hondartzara iristeko bidegorriaren lotura 2021ean gauzatu zuen Udalak, eta aurten 100 bizikleta-plaza berri gehitu ditu inguru horretan; guztira 300 bat bizikleta aparkatzeko lekua dago orain. Horrez gain, udan txu-txu trenaren zerbitzua eskaintzen da urtero, herritarren desplazamenduak errazteko. 2025eko denboraldian, hain zuzen, 11.000 bidaia inguru izan ziren, egunean 170 bidaiari, batez beste.

Irisgarritasuna

2023an eta 2024an, hondartzako hiru txiringitoetan inbertsioak egin ziren, besteak beste, komunak eta sotoak berritzeko (2023ko udara arte ez zuten komun irisgarririk) eta eguzki-plakak ezartzeko.

Horrez gain, 2023an hondartzako eremuan komun autogarbitzaile eta irisgarri bat ezarri zen.

Urte horietan, halaber, hondartzaren irisgarritasunari lotutako azterketak egin ziren. Lanketa horrek agerian utzi zituen ekialdeko arranplak dituen mugak, eta Udalak mendebaldeko azpiegiturak indartzeko erabakia hartu zuen, eremu hori irisgarriagoa baita.

Ingurumena

Eremuaren jasangarritasunari lotuta, 2014tik martxan izan den duna-sistemaren lehengoratze-prozesuaren inguruko azalpenak ere eman zituzten Santamariak eta Solabarrietak. Prozesua hiru fasetan egin da, eta balorazioa positiboa izan da. 

Aldiz, kanpinaren pareko duna eremuan aterpe klimatikoa ezartzeko erabakia hartu da, orain arteko saiakerek ez baitute emaitzarik eman. Herrio natur taldearekin elkarlanean, bertako landareriaren azterketa egin da, eta bi hektareako eremuan zuhaitzak landatuko dira, itzala duen egoteko gune bat sortzeko.

Energia berriztagarrien alorrean, azken urteetan egindako esku-hartzeak ere azaldu zituzten zinegotziek, besteak beste, kanpinean, txiringitoetan eta Zaragueta eskolan ezarritako eguzki-plakak, eta surfeko aldageletan eta kanpineko igerileku berrian jarritako aerotermia sistema.

Udako denboraldiko zerbitzuak

Udako denboraldian hondartzako eremuan eskaintzen diren zerbitzu gehienak ekialdeko eraikinean daude. Eraikinak 225 metro koadroko azalera du, eta espazioa txiki geratu da surf elkarteko erabiltzaileen kopurua hazi egin delako eta konsigna zerbitzuaren eskaria igo egin delako. 

Egoerari erantzun bat emateko, bi aukera aztertu ditu Udalak:

  1. Egungo eraikina eraberritu eta handitzea, Kostako Zuzendaritzarekin baimenak eta espazio-mugak kudeatuta (bere domeinuan dagoen eraikina baita).
  2. Mendebaldean gune berri bat eraikitzea. Eraikin berriak, Kostako Zuzendaritzaren eragin eremutik kanpo egoteaz gain, aukera gehiago eskainiko ditu identifikatutako beharrak asetzeko. Gainera, hondartzako gune irisgarritik gertu egongo da.

Aukera bakoitzaren onurak eta mugak azaldu ziren aurkezpenean, eta saioan parte hartu zuten herritarrek iritziak emateko aukera izan zuten.

Laburpena

Azken batean, aurkeztutako proiektu guztiek ikuspegi estrategiko bera partekatzen dute: Antilla hondartza eta ingurua herritarren gozamenerako eremu bizigarriagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa izatea eta, aldi berean, Orio Kanpina eta uda denboraldiko zerbitzuak sendotzea.

Saioa amaitu aurretik, jasotako iritziak kontuan izateko eta hemendik aurrerako erabakiak herritarrekin partekatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Udalak, esku-hartze nagusien inguruko erabakiak modu kolektiboan lantzeko.