San Nikolas festetako herri bazkariko txartelak ostegun arratsaldean jarriko dira salgai

Abenduaren 5etik 8ra ospatuko ditugu aurtengo San Nikolas festak. Orioko Udalak festa batzordearekin elkarlanean landu du egitaraua, eta azaroaren 28an argitaratuko da programa osoa. Horren aurretik, Udalak azaroaren 27ko arratsaldean, 17:00etatik aurrera, jarriko ditu salgai herri bazkariko txartelak, turismo-bulegoan.

Herri bazkaria abenduaren 7an egingo da, igandearekin, Karela kiroldegian, 14:30ean.

Izen-ematea eta antolaketa

Txartela erosteko momentuan, hamar laguneko talde bakoitzeko taldearen izena, bi arduradunen izen-deiturak eta telefonoak eman beharko dira, auzolanean herri-bazkaria antolatzeko. Horiez gain, edonork izango du aukera laguntzaileen lan-taldean izena emateko. Hala, arduradun horiek herri-bazkariaren egunean goizeko 11:00etan Karela kiroldegian egon beharko dute, muntaia lanetan laguntzeko. 

Parte-hartzaile ororen ardura izango da, beraz, otorduko lanetan laguntzea (mahaia jarri, hondakinak bildu…), festa denentzat gozagarriagoa izan dadin.

Menuak eta prezioak

Aurten bi menu izango dira aukeran, helduena eta haurrena. Baina bi kasuetan, babarrunak sakramentuekin izango da plater nagusia. Helduek postrea, kopa eta kafea ere izango dute, 18 euroan; eta haurrek postrea, 10 euroan.

Intolerantziak edo dieta zehatzak jarraitzen dituzten pertsonek —beganoak, adibidez— izen-ematean jakinarazi beharko dute.

Mahaien erreserbak taldeentzat

Goizeko 11:00etan elkartu eta herri bazkariko muntaketa egindakoan, bertaratutako arduradunek haien taldeentzako lekua erreserbatzeko aukera izango dute. 

Herri bazkariko antolaketa honekin, festa batzordeak parte-hartze prozesuan egindako gogoetari erantzuna eman nahi izan zaio, auzolanean antolatutako herri-bazkari bat eginez.

Bazkariaren ostean, jolasak

Herriko gazte talde baten ekimenez, bazkalostean jolasak egingo dira kiroldegian. Jolas parte-hartzaileak izango dira, adin guztietako lagunei zuzendutakoak.

Parte-hartzaileen gutxi gorabeherako kopurua jakiteko, bazkariko txartelak erosteko unean zehaztu beharko da taldeak jolasetan parte hartuko duen ala ez.