Ostiralean, urtarrilak 16, egingo da 2025eko Herri Aitortza ekitaldia, eta epaimahaiak hala erabakita, Orioko Eguneko Zentroko langileei egingo zaie omenaldia, 19:00etatik aurrera, kultur etxean. Orioko Udalak herritar guztiei egiten die dei ekitaldira gerturatu daitezen.
Testuingurua
Orioko Udalak Herri Aitortza ekimena jarri zuen martxan iaz, urtean zehar nabarmendutako oriotarrei omen egiteko. Bost izan ziren orduan omendutako norbanako eta elkarteak, eta herritarren berotasuna jaso zuten Arraunetxen egindako ekitaldian.
Aurten, ekimenaren bigarren edizioa antolatu da, eta oriotarrek bidalitako hautagaitzak aztertzeko bildu zen epaimahaia Gabonetan. Herriko elkarteen artean zozketa bidez hautatu ziren lau epaimahaikideak, eta hautagaitzak ondo aztertuta joan ziren bilerara. Erabakia argia izan zen: Orioko Eguneko Zentroko langileei egingo zaie aitortza aurtengoan.
Epaimahaiaren hitzetan, egunerokoan egiten duten lana eta esfortzua lehen planora ekarri behar dira, are gehiago, isilpean geratu ohi delako. Zaintza lanak ezinbesteko ditugu, bizitza osoan zehar zainduak garelako, eta garrantzitsua da lanok elkarrekiko arduran oinarritzea. Historikoki, gainera, zaintzaileak emakumeak izan dira, bai etxeko lanetan, baita zaintza lanak merkaturatu direnean ere, eta lanok gutxietsiak izan dira gizartean.
Horregatik, 2024az geroztik zaintzaren alorrean egindako ibilbidean urrats garrantzitsua da honakoa Udalarentzat. Zaintzek bizi duten krisi egoeraren aurrean, herriko zaintzaren ekosistema berrantolatzeko asmoa berresten du, eta gure adinekoen zaintzan Eguneko Zentroko langileek duten paper garrantzitsua balioan jartzen du.
Ekitaldia
Herri Aitortza ekitaldia ostiral honetan egingo da, 19:00etan kultur etxean. Sarrera librea izango da, eta Udalak dei egiten die herritarrei ekitaldira hurbildu daitezen.
