Abenduan iragarri bezala, Orioko Udalak herriko zabor-bilketa sistema eguneratuko du 2026an. Hainbat urtetako gorabeheren ondoren, Udalak helburu argia du: egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzea eta edukiontziek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzea.
Prozesua
2018 eta 2019 urteen artean, Udalak erabaki zuen herriko zabor guztien kudeaketa Mankomunitatearen esku uztea, eta horretarako, lurpeko edukiontziak egokitu ziren. Egokitzapen horren ondorioz, edukiontziak sartu eta ateratzeko mekanismoak askotan matxuratu dira, eta edukiontziak behar bezala hustutzen ez zirenez, gainezka egiten zuten.
Horrez gain, konponketen kostuei aurre egin behar izan die Udalak, eta kasu askotan, piezak lortzeko zailtasunak izan ditu, deskatalogatuta baitzeuden.
Egoerari behin betiko konponbidea emateko, herriko edukiontzi guztien azterketa sakona egin zen 2025ean, puntu bakoitzeko beharrak kontuan hartuta. Eta ateratako ondorioekin, herriko zaborguneen mapa berria landu du Udalak.
Sistemaren eguneratzea
Herriko lurpeko zaborguneak egokitzkeo lanak urtarrilean hasi dira. Egunotan, hain zuzen, lurreko pintaketak egin dituzte, hala nola, Bikamiotako errotondan, Palota kalean eta Kofradia Zaharra zegoen lekuan, eta gaurtik aurrera zaborguneak egokitzeko lanak egingo dira.
Nagusiki, bi modutan egokituko dira zaborguneak: kasu gehienetan, lurrazpiko edukiontziak aereoengatik ordezkatuko dira kokalekuan bertan, eta beste batzuetan, gune berriak antolatuko dira.
Datozen egunetan aurreikusitako aldaketak
- Bizkarreneko etxearen atzealdean, lurpeko edukiontziak tapatu eta aireko edukiontziak jarri ziren 2025eko uztailean. Eremu horretan sortzen diren zailtasunak ikusita, eta oinezkoen ikusgarritasuna bermatzeko, zaborgune hau Kofradia Zaharra zegoen inguruko aparkalekuetara mugituko da. Aldaketa gaur hasiko dute, urtarrilaren 19an. Aldiz, martxan dagoen beirarentzako lurpeko edukiontzia bere horretan mantenduko da, eta inguru osoa berrituko da, berdegune txiki bat eraikita.
- Bikamiotan eta Pelotari kalearen iparraldean dauden lurpeko zaborguneak itxi egingo dira. Bi gune hauek elkarrengandik hurbil daudenez, bateratu egingo dira, eta biribilgunearen mendebaldean zaborgune berri bat jarriko da, aireko edukiontziekin.
- Palota kalean, haurreskolaren aurrean, dagoen lurpeko zaborgunea itxi egingo da, eta errepidea zabala denez, aireko zaborrontziak errepidean kokatuko dira, etxebizitzengandik urrun. Aldaketa horren bidez, espaloia zabalduko da eta zaborra biltzeko bost edukiontzia izango dira (orain lau daude).

2. fasean aurreikusitako aldaketak
- Hondartza aldean dauden lurpeko 7 zaborguneak egokituko dira, eta aireko edukiontziak jarriko dira puntu horietan guztietan. Lanok eginda, zaborgune horietako bat kentzeko aukera aztertuko da, bi gune bateratuta.
- Pelotari kalearen hegoaldeko eta Iturbide kaleko, musika-eskolaren alboko, lurpeko zaborguneak itxi egingo dira, eta haien ordez, aireko edukiontziak jarriko dira.
- Horrez gain, Erriberetan, Ixarra kalean eta Palota kalearen 2. zenbakian dauden lurpeko edukiontziak tapatzeko aukera aztertzen ari da Udala. Eremu horiek ixtea erabakitzen bada, aireko edukiontzientzako kokaleku egokiak bilatuko dira.
Azkenik, Andra Mariko eremuan egingo diren lanak tarteko, Arrantzale kalean dagoen lurpeko zaborgunea Balea kalera (kiroldegi parera) mugituko da.
Hau da Orioko zaborgune berrien mapa:
