«Oporrak Bakean» programa harrera-familien bila dabil

Euskadiko saharar ordezkaritzak eta Euskal Fondoak Oporrak Bakean programa antolatzen dute urtero eta, programa horri esker, 8 urteko haur sahararrak Euskal Herrira etortzen dira udako hiletan. 50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz lelopean jarri dute abian aurtengo kanpaina, eta haur horiek etxean hartuko dituzten familien bila ari dira.

50 urte igaro dira Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik eta ia 200.000 lagun kanpalekuetan bizi dira ordutik. Programa honek, hain zuzen, onura ugari ematen dizkie parte hartzen duten Saharako haur eta familiei. Besteak beste, haur sahararrek aukera izaten dute udan basamortuko baldintza gogorretatik aldentzeko, elikadura orekatua izateko, osasun-azterketak egiteko eta kultura eta hizkuntza berriak ezagutzeko. Euskal familientzat, berriz, Mendebaldeko Sahararen eta herri sahararraren egoera ezagutzeko baliagarria da esperientzia eta, gaztetxoen bidez, lehen harremana izaten dute hango hizkuntzarekin eta kulturarekin.

Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duten Darahli eta Saharautz elkarteek eskualdeko familiak animatu nahi dituzte programan parte hartzera. Iaz, Saharautz elkartearen bidez, lau haur etorri ziren Oriora, Getariara eta Zarautzera; bana aurreneko bi herrietara, eta bi, azken horretara, eta aurten harrera-familia gehiago lortzeko asmoa dute.

Informazioa

Harrera-familia izateko interesa duten edo programaren inguruko informazio nahi duten familiak Darahli edo Saharautz elkarteekin jar daitezke harremanetan:

  • saharautz.elkartea@gmail.com
  • darahlizumaia@gmail.com 
  • 605 70 14 63

Deialdia otsailaren 15era arte egongo da zabalik. Informazio osagarria, hemen.