Palestinarren errealitatea erakusten duen ‘No Other Land’ dokumentala emango dute gaur kultur etxean

Palestina-Orio elkartasun taldeak antolatuta, No Other Land dokumentala emango dute gaur, otsailaren 12an, Orion. Emanaldia 18:30ean hasiko da, kultur etxean, eta jatorrizko bertsioan eskainiko dute, azpitituluekin.

Basel Adra abokatu eta kazetari palestinarrak, Hamdan Ballal argazkilari eta nekazari palestinarrak, Yuval Abraham kazetari-ikertzaile israeldarrak eta Rachel Szor argazki-zuzendari israeldarrak zuzendutako dokumentala da, eta 2024an estreinatu zen. Zisjordania okupatuan dagoen Masafer Yatta komunitate palestinarraren errealitatea du ardatz: hainbat hamarkadatan, Israelgo estatuak eta kolonoek bultzatutako desplazamendu eta presio egoerak bizi izan dituen eremua. 

Dokumentalak eguneroko erresistentzia eta biziraupena erakusten ditu, eta, besteak beste, etxeen eraisketak, bideen blokeoak eta kontrol-postuen funtzionamendua jasotzen ditu, baita egoera horrek palestinarrengan eragiten duen kalte psikologikoa ere.

Lana 2024ko Berlinale jaialdi entzutetsuan estreinatu zen, eta bi sari jaso zituen bertan. Gerora, beste dozenaka garaikur eskuratu zituen, tartean, Dokumental Onenaren Oscar saria, 2025ean.