Andra Mariko behin betiko hirigintza-proiektua jendaurrean aurkeztu zen ostiralean

David Camacho eta Enric Mas arktiekto katalanak Orion izan ziren pasa den ostiralean, otsailak 13, Andra Mariko eremurako osatu duten hirigintza-proiektua herritarrei azaltzen. Kultur etxean egin zen aurkezpena, 19:00etatik aurrera, eta saioan izan ziren herritarrek galderak egiteko eta xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten.

Saioaren hasieran Udaleko ordezkariek gogoratu zutenez, Andra Mariko eremua Orioko gune estrategikoetako bat da, eta espazioaren erabilera zabaltzea eta sustatzea da hirigintza-proiektuaren helburu nagusietako bat. Baina ez bakarra, esku-hartzearen bidez euri uren-sarea berrantolatzeko eta eguneratzeko asmoa baitu Udalak, uholdeak saihesteko. 

Horregatik, eraldaketa urbanistikoak bi neurri hauek jasotzen ditu:

  • Andra Mari auzuneko euri uren-sarea independizatu, inguruko urek bertan bukatu ez dezaten.
  • Bonbeo-sistema bat ezartzea eta hoditeria ibaira eramatea, herriko gune baxuena delako eta uholde-arriskuak murrizteko.

Proiektua garatzeko ideia-lehiaketa bat deitu zuen Udalak 2024an, eta urte hartako azaroan parte-hartze prozesua abian jarri zuen, herritarrek gustukoen zuten proposamenaren aldeko bozka eman zezaten. Epaimahaiaren eta herritarren puntuazioak batuta, Atzera begiratu aurrera egiteko lanak irabazi zuen deialdia, eta Udala egileekin harremanetan jarri zen behin betiko proiektua definitu zezaten.

Proiektuaren ezaugarri nagusiak

Gaur egun, Andra Mariko eremuan asfaltuzko plaza handi bat dago, eta inguruko eraikinetara joateko pasabideak. Bada, Camachok eta Masek azaldu zutenez, proiektu berriak lau gune nagusi bereiziko ditu:

  • Ikastola ekialdean egongo den jolaserako eta egoteko eremua, parke batekin.
  • Anbulategiaren eta Eguneko Zentroaren aurrean kokatuko den kioskoa eta egoteko bigarren eremua.
  • Ikastolaren eta kiroldegiaren arteko eremua, kota aldaketekin jolastuz, esertzeko eta gune batetik bestera pasatzeko aukera emango duena.
  • Arranplako eremua, errioarekin konektatuta.

Lau gune hauek eremu bakoitzaren ezaugarriei erantzuten diete, eta era berean, elkarrekin lotuta egongo dira. Hain zuzen, eremuen arteko trantsizioak eta gune bakoitzaren detaileak mimo handiz landu dituzte, eta guztiak irisgarriak izango dira.

Horrez gain, hiru lurzoru mota bereiziko dira:

– Bertako landarediarekin osatutako berdeguneak, zapalgarriak eta ura drainatzeko aukera emango dutenak.

– Harriz eta harez osatzen den eta ura dreinatzeko aukera ere baduen lurzoru konpaktuzko guneak (todo en uno), erritmoa jaistera gonbita egiteko eta egoteko guneak sortzeko.

– CO2a xurgatzeko gaitasuna duen harri artifizialarekin osatutako lurzorua.

Orioko Udalaren asmoa da lanak epe laburrean abiatzea.