Zer gertatzen da gizonek zaintzea aukeratzen dugunean? du izena tailerrak, eta Gorka Iriarte Lezaun da gidaria. Saioetan, zaintzaren inguruan dituzten bizipenak eta gogoetak partekatzen dituzte parte-hartzaileek, eta ariketa kolektibo horretatik ondorioak eta irakaspenak ateratzen dituzte, arduradunaren laguntzarekin.
Parte-hartzaileen hitzetan, “saioak goxoak eta hurbilak” dira, eta gai zehatzen inguruan eztabaidatzeko eta “kideen artean aliantzak sortzeko” balio izan diete. Baita “zaintzaren inguruko teoriatik praktikara pasatzeko eta konpromiso errealak hartzeko” ere.
Abiapuntua
Orioko Udalak herriko zaintzaren egoera eraldatzeko prozesua abiatu zuen 2024an, eta urte hartan bertan, gizonei zuzendutako tailerrak eskaini zituen, udazkenean. Proposamenak oso harrera ona izan zuen, eta horregatik, iazko udazkenean hiru saioko zikloa antolatu zen, urritik abendura. Taldea gustura zebilela ikusita, programari jarraipena eman zaio urtarriletik martxora, eta lehen saioa eginda badago ere, otsaileko eta martxoko hitzorduetan izena emateko aukera dago oraindik.
Eman izena, galdetegiaren bidez
Datozen bi saioen egutegia hau izango da:
- Otsailak 26 eta martxoak 26, ostegunak biak: 18:00-20:00 artean, Saregilen.
Saioetan izena emateko epea zabalik dago oraindik, galdetegi honen bidez, taldea txikia delako eta lantzen diren gaiek ez dutelako aurre ezagutzarik edo lanketarik eskatzen. Eta informazio osagarria behar izanez gero, jarri harremanetan Saregile Orioko Emakumeon* Etxeko arduradunekin.
