Hego Euskal Herrian 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, greba orokorrerako deia egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek deitu dute greba, eta LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki izango da erabiliko duten leloa.
Orioko udal-langileek bat egin dute deialdiarekin, eta ondorioz, udal-zerbitzuak itxita egongo dira asteartean: udaletxea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, kultur etxea, liburutegia eta turismo-bulegoa. Kanpinean, aldiz, gutxieneko zerbitzuak izango dira.
Kiroldegia ere itxita egongo da egun horretan, instalazioen kudeaketa egiten duen enpresako langileek ere bat egingo dutelako greba deialdiarekin.
