Maiatzaren 16an ospatuko dugu aurten Balearen Eguna, eta herritarrak protagonista dituen herri-ikuskizuna izango da egitarauko ekimen aipagarrienetako bat. Ikuskizunean parte hartu nahi duten herritarrek aukera dute oraindik galdetegiaren bidez izena emateko, eta astelehenean, martxoak 23, bigarren bilera irekia egingo da zuzendariekin: 19:00etan kultur etxean.
Bileraren helburua herri-ikuskizunari forma ematen hastea da. Zuzendariek gidoi, esketx, entseguen dinamika, etab.-en inguruko informazioa emango diete parte-hartzaileei. Hau da, pixkanaka, paperak eta zereginak banatzen joango dira, eta hurrengo asteetarako lanak zehazten.
Orioko Udalak gogorarazi nahi du, ikuskizunean parte hartzeko modu desberdinak daudela (bakarka, taldean, lagun-artean, familiaka…), bakoitzaren inplikazioaren arabera, eta herritarrak animatu nahi ditu asteleheneko bileran parte hartzera, informazioa eskuratzeko.
