Euskara gara, euskaraz gara

Hamar eguneko bidaiaren ondotik, atzo bukatu zen 24. Korrika Bilbon. Euskara gara lelopean, 2.175 kilometro egin ditu lekukoak zazpi lurraldeetan, eta milaka euskaltzaleren aurrean irakurri zuten aurtengo mezua zazpi lurraldeetako zazpi gaztek.

Egundoko erronka da bi urtez behin egiten den Korrika, AEKren gidaritzapean. Baina erronka ederra da, baita ere, egunero-egunero gure herrietako euskaltegiek aurrera eramaten dutena, euskaldun zaharrak alfabetatuz, etorri berriei euskara irakatsiz, eta nagusiki, gure hiri eta herrietara datozenei ateak zabalduz.

Horren adibide argia da Orioko AEK ere. Atzerritik etortzen direnei harrera egiten die ikasturte hasieran, baita ikasturtea abian denean ere. Edozein unetan, behar den guztietan. Ongietorria ematearekin batera, Orio aurkezten diete ikasleei: herriko ohiturak, herriko txokoak, herriko bizimodua. Eta nola ez, gure hizkuntza. Herrirako sarbide nagusia da askorentzat, euskal kultura arnasten hasteko aterpea. Eta zazpi gazteek prestatutako mezuak zioen bezala, “Euskara gara” diogu, ez “euskara naiz”. Komunitateaz ari gara, beso zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan”.

Bada, komunitate hori indartzeko lanean ari dira egunez egun euskaltegian ematen dituzten saioetan, eskolaz kanpoko jardueretan, herriko mintzalagunen arteko elkarrizketetan. Profil oso ezberdinetako euskaldunek osatzen dugulako Orio, euskara dugunak, euskara garelako.

Horregatik, bihotzak bero sentitzen ditugun honetan, atzoko egun hunkigarriaren biharamunean, eskerrak eman nahi dizkiegu egunerokoan beso zabalik eta irribarretsu euskarara ongietorria ematen duten irakasle eta euskaltegiko arduradunei. Zuek esker ere gara euskara, gara euskaraz.