Orioko Emakumeon* Ahalduntze Eskola 2019an jarri zen martxan, eta urtez urte, proiektua hazten joan zen, 2023an Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak ateak ireki zituen arte. Urte horietan guztietan, tailer, ikastaro, hitzaldi eta bestelako ekintza ugari egin dira Ahalduntze Eskolaren baitan, eta Udalak feminismoan eta emakumeen ahalduntze prozesuetan jarduten duten herriko profesional, elkarte, aditu zein arituei eman nahi die aukera saioak bertan eskaintzeko. Horretarako, helburu eta irizpide hauek bete beharko dituzte.
2025-2026 ikasturtean, esaterako, 164 emakumek eta genero disidentek hartu dute parte ahalduntze eskoletan. Horiez gain, Saregileko komunitatea zabaltzen joan da, eta emakumeekin eta genero disidenteekin batera, geroz eta gizon gehiagok osatzen dute Saregileren egunerokoa; eta horixe da, hain zuzen ere, zerbitzu komunitarioaren erronka nagusia.
Ahalduntze Eskolak berdintasunera bidea eraikitzeko estrategia bezala planteatzen dira, jendarte berdinzale bat eraikitzeko beharrezkoa baita emakumeok* ahalduntzea edo boteretzea. Eta Saregilek herriko profesionalei eman nahi die aukera 2026ko bigarren seihilekoan eskainiko diren jardueren eskaintzan parte hartzeko.
Horretarako, deialdia zabaldu du apirilaren 17ra arte. Eta irizpide hauetan oinarrituta, jarduera, tailer edo ikastaro ezberdinak eskaintzen dituzten herriko aditu zein arituek aukera dute beren proposamenak helarazteko, saregile@orio.eus helbidearen bidez.
Ahalduntzea, bost arlotan
Ibilbide horren baitan, ahalduntze eskolak emakumeen ahalduntze prozesuan eragitea du xede, eta ahalduntze emozionala, fisikoa, ideologikoa… lortzeko, bost arlotan egituratzen da Ahalduntze Eskolako eskaintza:
- Gorputza eta osasuna: atal honetan sexualitatea eta sexu osasuna, edertasun ereduak eta kirola eta kirol baliabideen gaiak jorratzen ditugu.
- Indarkeria matxistak: ondarkeria matxisten prebentzioa eta horiei ahalduntze eskolaren bidez aurre egitea da bigarren ardatza. Indarkeria matxistak errealitatea dira Orion emakume guztiontzat, eta ezinbestekoa da egiturazko arazo honi aurre egiteko baliabideak eskaintzea. Indarkeria matxisten barruan daude lesbofobia, indarkeria sexista eta genero indarkeria.
- Saretzea eta parte-hartzea: emakumeen erreferentzialtasun falta eta emakume anitzak saretzeko beharretik abiatuta, ahalduntze eskolaren lan ildo estrategikoa da, emakumeon parte-hartze soziopolitikoa bultzatzeko.
- Emakumeon autonomiarako baliabideak: tradizionalki gizonezkoenak izan diren eremuetan emakumeok ez dugu trebatzeko baliabiderik izan, eta gure autonomia garatzeko baliabideen beharra agerikoa da. Atal honetan eskaintzen ditugun ikastaroek hainbat helburu dituzte: autoestimua lantzea, autonomia maila handitzea, emakumeen sare soziala zabaltzea eta estrategikoki mugimendu feminista indartzea.
- Zaintza: tradizionalki zaintza emakumeoi lotutako kontzeptua izan da, baina zaintza eredu berri bat eraiki nahi dugu. Zaintza lanetatik harago joan eta kontzeptu hori modu zabalagoan ulertu eta landu nahi dugu: emakumeon artean elkar zaintzea, autozaintza, komunitatearen zaintza, espazio eta ingurugiroaren zaintza…
