Orioko Udalak eta herriko kirol- eta aisialdi-jarduerak eskaintzen dituzten eragileek 2026ko udako eskaintza prestatu dute. Jardueretan izena emateko epea bihar zabalduko da, apirilak 14, eguerdiko 12:00etan eta hilaren 24ra arte izango da horretarako aukera, online edo Karela kiroldegiko harreran.
Taula honetan ikusi daiteke aurtengo eskaintzaren informazioa (egutegia, ordutegia, adina, prezioa…) eta izena emateko galdetegiak bihartik aurrera egongo dira eskuragai, antolatzailearen arabera antolatuta.
Eskaintza zabala
Guztira, herriko bederatzi eragilek prestatu dute udako denboraldirako kirol- eta aisialdi-eskaintza zabala: Txurrumuski aisialdi-elkarteak, NEO enpresak, Orio Bate Bizkorrak elkarteak, Orioko Futbol Taldeak, Orio Arraun Elkarteak, Orio Itxastresna Surf Klubak, Orio Eragin Eskubaloi Klubak, Orioko Atletismo Taldeak eta ZAST Zarautz Saskibaloi Taldeak.
Txurrumuski aisialdi-elkarteak, urtero bezala, Udaleku Irekiak antolatuko ditu uztailean, eta Gazte Abentura, abuztuaren lehen hamabostaldian. Gainerako jarduerak kirol-esparrukoak dira eta kiroldegiak eta herriko kirol-taldeek antolatzen dituzte.
Izen-ematea
Izena emateko epea apirilaren 14an zabaldu da, eguerdiko 12:00etan, eta hilaren 24an itxiko da. Izena emateko, bihartik aurrera aktibo egongo diren galdetegiak erabili behar dira, Udalaren webgunean. Eragile bakoitzak bere galdetegia dauka, eta haietan sartuta, eskatutako datuak bete behar dira. Aurrez aurre egin nahi izanez gero, Karela kiroldegiko harreran ere badago horretarako aukera.
Izen-ematea bukatzeko, ezinbestekoa da ordainketa egitea eragile bakoitzaren kontu-korrontean, kontzeptu gisa haurraren edo gaztetxoaren izen-abizenak sartuta; eta ziurtagiria eragileari bidali beharko zaio gero, posta elektronikoz. Zalantzak argitzeko, eragileekin harremanetan jartzeko aukera dago (telefono-zenbakiak eta emailak taulan daude).
Karela kiroldegiak eskainitako ikastaroen kasuan, gainera, ordainketa eta baimen-orria kiroldegian bertan egin eta sinatu beharko dira.
