Orioko Udalak datorren astean emango du Balearen Eguneko kultur-egitarau osoaren berri. Hala ere, aurrerapen modura, datorren asteko bi ekitaldi iragarri ditu: batetik, haurrei zuzendutako Arrainak bihotzean antzezlana; eta, bestetik, Errio dokumentalaren proiekzioa.
Lehen hitzordua Arrainak bihotzean izango da, Mar Mar Teatro konpainiaren eskutik. Emanaldia apirilaren 24an, ostiralarekin, izango da, 17:00etan, kultur etxean. Sarrera librea izango da, eta ez da aurrez gonbidapenik edo sarrerarik eskuratu beharko.
Antzezlanak Martiren istorioa kontatzen du: kresal usaina duen herri eder batean bizi den haurra da, eta ez daki beldurrak non bizi diren. Aita marinela du, eta portuan haren zain dagoen egun gris batean, ekaitz batek uretara botako du. Une horretatik aurrera, itsas hondoan barrena nahitaezko bidaia bati ekingo dio; bidean, arrainen eta beldurren hizkuntza ikasi beharko du, bere burua eta ingurua beste modu batera ulertzeko. Hiru urtetik gorako haurrei zuzendutako proposamena da.
Bigarren hitzordua, berriz, Errio dokumentalaren proiekzioa izango da. Saioa larunbatean, 19:00etan, egingo da kultur etxean, eta kasu honetan ere ez da aurrez sarrerarik edo gonbidapenik eskuratu beharko.
Orioko itsas ondareari buruzko dokumentala 2024ko irailean aurkeztu zuen Udalak kiroldegian, eta ikus-entzunezkoaren estreinaldian 700 bat herritar elkartu ziren. Ordutik, Durangoko Azokan eta Euskal Herriko hainbat tokitan ikusi ahal izan da Ibon Gaztañazpik zuzendutako lana, baita nazioartean ere, besteak beste Indian eta Alemanian.
Dokumentalaren inguruko xehetasun gehiago eta trailerra, hemen ikusgai.
