Palestina Orio elkartearen ekimenez, Palestinako egoera gogora ekartzeko eta herritarren kontzientzia pizteko erakusketa izango da ikusgai kultur etxean apirilaren 21etik 30era. Genozidioa gelditu! Palestina askatu! lelopean antolatu dute ekimena, eta irekiera apirilaren 21ean egingo dute, asteartearekin, 12:00etan.
Argazkiz osatutako erakusketa da nagusiki, eta horiez gain, Palestinan gaur egun bizi den egoera irudikatzeko hainbat elementu ere jarriko dira aretoan, bisitariek hango errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Gainera, Palestinako egoeraren inguruko film bat ere proiektatuko da egunero arratsaldez, aretoan bertan.
Erakusketa ikastetxeetako ikasleentzat zabalduko da goizetan, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:30etik 19:30era, herritar guztientzat. Asteburuan, aldiz, itxita egongo da.
Palestina Orio elkarteko kideek azaldu dutenez, “Palestinaren egoerak oso latza izaten jarraitzen du”, eta herritarrei dei egiten diete kultur etxera hurbildu daitezen, palestinarrekiko elkartasuna adierazi eta gertatzen ari denaren inguruan hausnartzeko.
