Onenak ez gara baina, bistan dago ahalegina

Argazkia: Rosana Arruti

Eta ohartzerako, pasatu da Balearen Eguneko kultur programa, bost urtean behin, oriotarrok gure iraganari begiratzeko hartzen dugun tartea. Jakin-minetik, emoziotik, harrotasunetik, eta baita ikuspegi kritiko-eraikitzailetik. 

Gure herriaren itsas-historiaz gogoeta egiteko eta belaunaldiz belaunaldi jaso dugun ondarea partekatzeko aukera izan dugu azken asteotan, herriko haurren sormenaz gozatzeko, eragileek antolatuko topaketa, otordu eta emanaldietan komunitatea indartzeko parada. Emozioak bor-bor izan genituen Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren 40. urteurreneko emanaldian, eta Benito Lertxundiren ibilbideari eta bere kantu herrikoi eta zoragarrei gorazarre egin genien atzo, punta-puntako 150 musikariz lagunduta, hunkidura artean gozo, begiak malkotan. 

Udalaren ohiko lan-ildoei eta konpromisoari jarraituz, balearen harrapaketari beste ertz batetik heltzeko saiakera egin da aurten ere kultur ekintzak programatzerakoan. Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren sormenaz baliatuta, ahotsa eman zaio baleari, hitza hartu du animaliak estreinakoz, Rosi Lazkanoren testu ederraren bidez, galderak egiteko: “Lehen kabitu ezin ontziak. Gaur, bakan daude ale gutxiak. Nork joan nahi du itsasora?”. 

Bere historia zaintzen duen herria izan nahi dugu, kulturari lekua egiten diona, haurrei eta sortzaileei ahotsa ematen diena, eta memoria kolektiboa elkarrekin eraikitzen duena.

Eskerrik asko, bihotzez, Balearen Eguna posible egin duzuen guztioi. Bidean aurrera goaz, ginenetik garenera, balearen azken hitzak gogoan hartuta: “Onenak ez gara baina, bistan dago ahalegina”. 

———–

P.D. Aurten ere Arrantzale Eguna ospatuko da San Pedro festetan. Ordura arte, etxeetako balkoiak eta establezimenduak arrantzale elementuekin apainduta uzteko deia egiten diete Udalak eta ospakizunaren antolatzaileek herritarrei.