Zabalik da Sormen Bizian Bekara proposamenak aurkezteko epea

Orioko Udalak Sormen Bizian Beka jarri du martxan, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko eta sortzaileen sormen-prozesuak babesteko. Lehen edizioan, 7.000 euroko dirulaguntza emango du Udalak, eta interesdunek ekainaren 20ra bitarteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Sormen lanek Benito Lertxundiren biografian edota obra artistikoan oinarrituta egon beharko dute.

Egitasmoa Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoan (OKEPE) jasotako lan-ildoetako bat da. 2024-2028 epealdirako osatutako dokumentuan, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzeko beharra identifikatu zuen Udalak, eta hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko Sormen Beka garatzea.

Beka horren bidez, Udalak ez du amaierako obra edo produktua lagundu nahi diruz; sortzaileari sorkuntzara dedikatzeko denbora eskaini naihi zaio, prozesuan lagundu. Arte diziplina guztiak izango dira kontuan: literatura, musika, antzerkia, argazkilaritza, bertsolaritza, poesia, sorkuntza digitala, arte plastikoak edo diziplina arteko proposamenak, besteak beste.

Aztergaia, Benito Lertxundi

Lehen edizioak lotura zuzena izango du Benito Lertxundirekin. Balearen Egunaren testuinguruan aurkeztu zuen Udalak deialdia, eta interesdunek haren biografian, obra artistikoan, abestietan, letretan edota doinuetan oinarritutako proposamenak aurkeztu beharko dituzte. Hala, Lertxundik euskal kulturari egindako ekarpena aitortu eta balioan jarri nahi da, eta, aldi berean, Orioko ondare inmaterialaren kontserbazioan eta zabalkundean beste urrats bat egin.

Proposamenak lehiaketa-erregimenean baloratuko dira, oinarri arautzaileetan jasotako irizpideen arabera, eta puntuazio handiena lortzen duen proiektuak jasoko du beka. Aurkeztuko diren lanek jatorrizkoak izan beharko dute, sormenaren hasierako fasean egon, eta euskara hutsean egindakoak izan.

Eskaerak Orioko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Deialdiaren oinarriak lotura honetan daude kontsultagai.