Moilako lanek trafikoan eragingo dute ekainaren 1etik aurrera

Abian dira Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren lanak, Orioko arrantza-kaia sendotzeko eta egokitzeko. Ekainaren 1etik aurrera, moilako errepidearen erraietako bat itxita egongo da ibilgailuentzat, eta, ondorioz, ezingo da bide hori erabili herrigunetik irteteko. Aurreikuspenen arabera, itxialdiak hiru asteko iraupena izango du, ekainaren 21era arte, baina baliteke lanen bilakaeraren arabera aldaketak izatea.

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen esku-hartzea oinezkoentzako pasabidetik Kofradiarainoko tartean egingo da, eta hiru helburu nagusi ditu: kaiaren egonkortasuna hobetzea; klima-aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean azpiegitura egokitzea eta 50 zentimetro igotzea; eta portu-eremuaren funtzionaltasuna handitzea. Obrak Moyua enpresak egingo ditu, eta, urtea bukatu arte iraungo dute. 

Portuaren zati hori garrantzitsua da herriarentzat, bi erabilera nagusi uztartzen dituelako: alde batetik, baxurako ontzien jardunerako eta porturatze-lanetarako eremua da; eta, bestetik, herritar askok egunerokoan erabiltzen duten pasabidea ere bada. Esku-hartze honen bidez, azpiegituraren segurtasuna, erabilgarritasuna eta moldagarritasuna hobetuko dira.

Trafikoan eragina

Lanak fase ezberdinetan egingo dira, eta trafikoan izango duten eragina ere ezberdina izango da une bakoitzean. Ekainaren 1etik aurrera, hain zuzen, ezingo da moilako errepidea erabili herrigunetik irteteko, eremua egonkortzeko piloteak sartuko baitituzte. Errepidea hiru astez itxiko da, lanak ahalik eta azkarren egiteko.

Ondorioz, herritik irteteko Txanka hondartzako bidea erabiltzeko eskatzen die Udalak herritarrei. Horrez gain, Goiko Kaleko saihesbidea ez hartzeko gomendioa egiten die, eremu hori ez saturatzeko eta bertako bizilagunei lehentasuna emateko. 

Udalak obren bilakaeraren berri emango du, eta aldaketa edo eragin puntualen inguruko informazioa zabalduko du ohiko kanaletatik.