Zinegoak jaialdiko sei film labur proiektatuko dituzte maiatzaren 28an, Saregilen

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiko aukeraketa bat proiektatuko dute Orion, Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen programaren barruan. Emanaldia maiatzaren 28an egingo da, Saregilen bertan, 18:00etan hasita.

Zinegoak jaialdiaren lanek LGTBIQ+ errealitateak, identitateak eta bizipenak pantailaratzen dituzte, nazioarteko begirada askotarikoen bidez. Zinegoak Hedapena ekimenaren bidez, jaialdian eskainitako hainbat lan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietan zabaltzen dira. Orioren kasuan, urtero bezala, Saregileren bidez egingo da emanaldia.

Film labur hauek proiektatuko dira:

The Wind in Ash: Kun Sunek zuzendutako 18 minutuko fikzioa (Txina, 2025).
Queer neska bat bere jaioterrira itzuliko da, hileta batera joateko asmoz. Autoezagutzarako bidaian murgilduko da, eta amarekiko duen ikuspegia aldatuko zaio.

Delay: Wang Han-Xuanek zuzendutako 15 minutuko fikzioa (Txina-AEB, 2025).
Txinako aita gay bat bere seme heterosexualaren ezkontzara joaten saiatuko da, Parisen, baina bidaia atzeratu egingo da ustekabean.

Ferides / Born By Night: Alba Cros Pellisék zuzendutako 18 minutuko fikzioa (Katalunia, 2025).
Saóren eta Julianaren arteko lehen topaketan zaurgarritasuna eta sedukzioa uztartuko dira, etorkizun esperantzagarri bati lekua eginez.

This feminine side: Alice Siniscalchik zuzendutako 7 minutuko animazioa (Portugal, 2025).
Lisboako queer ahotsek eta multimedia arteak feminitatea definitu eta berrasmatuko dute lan honetan.

Seuls les poissons morts suivent le courant / Only The Dead Fish Go With The Flow: Christophe Gomesek zuzendutako 10 minutuko fikzioa (Frantzia, 2025).
Camillek sei urte ditu, eta, mutiko jaio zen arren, neskato sentitzen da. Inauterietan, printzesaz mozorrotuta joango da eskolara, nahiz eta bertan ez duten neskato gisa aitortu nahi.

Ultramarino: Maren Zubeldiak eta Silvina Guglielmottik zuzendutako 18 minutuko fikzioa (Euskal Herria, 2025).
Nerabezaroaren atarian, bere nortasunaren bila dabilen gaztea da Zazu, eta herriko festetan, tradizioak zehaztutako rolaren eta bere sentimenduen artean aukeratu beharko du.

Filmen inguruko informazio zabalagoa, hemen eskuragai.