Bihar zabalduko da Karela kiroldegiko udako jardueretan izena emateko epea

Karela kiroldegiak prest du 2026ko udako jardueren eskaintza, eta izena emateko epea bihar zabalduko da, ekainaren 3an. Interesa duten herritarrek ekainaren 14ra arteko tartea izango dute izena emateko. Uztailean egingo dira jarduerak, bi txandatan banatuta, eta taldea osatu ahal izateko gutxieneko izen-emate kopurua bete beharko da. Ikusi eskaintza HEMEN.

Haurrentzako eskaintza

Haurrentzako jardueren izen-ematea apirilean zabaldu zen, Orioko Udalak eta herriko eragileek udako kirol- eta aisialdi-eskaintza bateratua aurkeztu zutenean. Hala ere, plaza libreak dituzten ikastaroetan izena emateko aukera zabalik dago oraindik. Besteak beste, igeriketa, padela eta Uda Sasoian ikastaroetan izena emateko aukera dago oraindik, taulan zehaztutako egun eta orduetan.

Helduentzako jarduerak

Helduentzako eskaintzan, berriz, sei jarduera izango dira aukeran: Total Training, Pilates, Aerobik, Cycling, Padel eta Total Body. Jarduerak goizeko nahiz arratsaldeko ordutegietan eskainiko dira, eta uztailaren lehen edo bigarren hamabostaldian eman daiteke izena.

Helduentzako ikastaroen prezioa 27 eurokoa izango da Karela kiroldegiko abonatuentzat, eta 49 eurokoa, abonatuak ez direnentzat.

Izena emateko bideak:

  • Karela kiroldegiko harreran.
  • 843 600 005 telefonoan.
  • karela.harrera@equiponeo.com helbidean.