Ahateen parkeko itxitura berritu behar izan du Udalak

Aurreko asteetan txikizioak egin dituzte hondartzako ahateen parkean: kanpoko hesia puskatu eta hainbat antzar eta ahate hil dituzte.

Hori dela-eta, Udalak kanpoko hesia berritu behar izan du, kalteak konpontzeko eta hesi sendoagoa jartzeko.

Itxitura berria egiteko lanak ekainaren 12an hasi ziren eta 18an bukatu dira. Cercalur enpresak egin ditu eta, guztira, 6.485,10 euroko kostua izan dute (BEZ barne).

Parkearen itxitura berria (2013ko ekainaren 18an egindako argazkia)

Bandalismoa

Azken urteotan asko ugaritu dira bandalismo-ekintzak herrian eta Udalak gero eta diru gehiago jarri behar du horien kostuei aurre egiteko.

Udalak azpimarratu nahi du herritarrak direla ekintza horien ondorioz kaltetzen direnak: batetik, konponketak guztion diruarekin ordaintzen direlako eta, bestetik, guztion ondarea suntsitzen delako.

Udalak dei egiten die herritarrei guztion ondarea errespetatu eta zaintzeko. Kalitatezko zerbitzuak nahi baditugu, nahitaezkoa da horiek behar bezala mantentzea. Bandalismoak herritar guztiei egiten die kalte.

Parkearen itxitura puskatua (2013ko ekainaren 12an egindako argazkia)

ahateenparkea1