Orioko Udalak bi dirulaguntza-deialdi zabaldu ditu: batetik, 2025-2026 ikasturtean Oriotik kanpo euskara ikasi duten oriotarrentzako laguntzak; eta, bestetik, 2026an errotuloak euskaraz jarri dituzten herriko saltoki, ostalaritza-establezimendu eta enpresentzako laguntzak. Eskaerak urriaren 11ra eta abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira, hurrenez hurren.
Euskara ikasteko dirulaguntzak
2025-2026 ikasturtean helduentzako euskalduntze edo alfabetatze ikastaroak Oriotik kanpoko euskaltegi homologatuetan egin dituzten oriotarrei zuzenduta dago deialdia, betiere egindako ikastaroa Orion eskaintzen ez bada.
Dirulaguntza jasotzeko, besteak beste, ikastaroaren %80ko asistentzia egiaztatu behar da, eta ikastaroa ordainduta eduki, ikastaroak iraun duen bitartean Orion erroldatuta egon behar da eta zerga-betebeharrak egunean izan behar dira.
Nola egin eskaera?
Eskaera Udalaren Erregistro Orokorrean aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bidez aurkez daiteke, urriaren 11ra arte.
Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
- nortasun-agiriaren kopia;
- ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria;
- euskaltegiaren ziurtagiria, ikasitako maila, ikastaroaren ordu kopurua, prezioa eta asistentzia jasotzen dituena;
- hala badagokio, egoera bereziak egiaztatzeko agiriak, hala nola langabezia-txartela edo Gizarte Zerbitzuen txostena;
- eta, dagokion kasuan, HABEren dirulaguntza-deialdian eskaera aurkeztu izanaren egiaztagiria.
Errotuloak euskaraz jartzeko dirulaguntzak
2026an errotulua euskaraz jarri duten eta helbide fiskala Orion duten saltoki, ostalaritza-establezimendu eta enpresek eska dezakete laguntza. Udalak errotuluaren kostuaren %50 lagunduko du, gehienez 340 eurorekin. Eskaerarekin batera 2026ko faktura eta errotuluaren argazkia aurkeztu behar dira. Epea abenduaren 31ra arte dago zabalik.
Nola egin eskaera?
Pertsona fisikoek eskaera aurrez aurre edo telematikoki egin dezakete; pertsona juridikoek, berriz, telematikoki bakarrik. Aurrez aurreko eskaerak Orioko Udaleko Erregistroan aurkez daitezke, eta telematikoak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Epea abenduaren 31ra arte dago zabalik.
Eskaerarekin batera errotulua ordaindu izanaren 2026ko faktura eta errotuluaren argazkia aurkeztu behar dira.
