“Pedalkadak elikatzen” jardunaldia izango da urriaren 2an Orioko Arraunetxean

Urriaren 2an, 18:00etan, “Pedalkadak elikatzen. Elikadura eta txirrindularitza, goi-mailan” jardunaldia egingo da Orioko Arraunetxean, Aldapa Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Ekimenak elikadurak txirrindularitza profesionalean duen garrantzia gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du.

Zer jaten du Tadej Pogačar bezalako txirrindulari batek? Nola planifikatzen da elikadura itzuli handi batean? Eta nola bihurtzen dituzte sukaldari nutrizionistek zehaztutako makronutrienteak errendimendura bideratutako plater osasuntsu eta goxoetan? Galdera horiei guztiei erantzungo diete munduko txirrindularitza profesionalaren elitean lan egiten duten hainbat adituk.

Jardunaldian parte hartuko dute Gorka Prieto UAE Team Emirates taldeko nutrizio arduradunak eta Tadej Pogačarren nutrizionistak; Virginia Santesteban Lidl-Trek taldeko nutrizionistak eta Realeko nutrizionista ohiak; eta Amaia Martí Oda EF Education-EasyPost taldeko nutrizionistak eta Andorrako Dietista-Nutrizionisten Elkargoko presidenteak.

Saioa Eder Etxeberria kirol-medikuak gidatuko du, eta elikadurak gaur egungo txirrindularien osasunean eta errendimenduan duen funtsezko garrantzia izango dute hizpide.

Amaieran, Movistar Team eta Lidl-Trek taldeetako sukaldariek showcookinga eskainiko dute, nutrizionistek diseinatutako makronutrienteetatik abiatuta txirrindulariak jango duen platera nola prestatzen den erakusteko.

 

Jardunaldia urriaren 2an, 18:00etan, Orioko Arraunetxean izango da. Sarrerak 16 euro balio du eta aldez aurretik erosi behar dira, HEMEN.

Jardunaldiaren etekin garbi guztiak Orioko Aldapa Txirrindulari Elkartearentzat izango dira.