Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak zabalik du udazkeneko Ahalduntze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea. Irailaren 25era arte eman ahal izango da izena, online, labur.eus/saregileizenematea helbidean edo Saregilen bertan. Ikastaroen ordainketa eskudirutan egingo da.
Behar dutenek, gainera, haur-zaintza zerbitzua eskatu ahal izango dute izen-ematea egiterakoan.
Ahalduntze Eskolak hainbat proposamen eskainiko ditu emakumeen autonomia eta konfiantza indartzeko, elkarrekin ikasteko, esperientziak partekatzeko eta sareak ehuntzeko. Prestakuntzarako gunea ez ezik, Ahalduntze Eskola emakumeen arteko topaketa, saretzea eta ahalduntze indibiduala zein kolektiboa sustatzeko espazioa ere bada.
Programazioaren barruan, honako ikastaro eta talde hauek izango dira:
– Musika ekoizpena, Oihana Rodriguez Ordoñezen eskutik. Musika sortzeko eta ekoizteko lehen urratsak emateko aukera eskainiko du, tresna eta baliabide praktikoak ezagutuz.
– Harreman afektibo berdinzaleak, Pepa Bojó Ballesterrek dinamizatuta. Harremanetan eragiten duten genero-rolak, ereduak eta maitasun erromantikoaren inguruko sinesmenak landuko dira.
– Emakume artisten zikloa, Zorione Mendez Martinen eskutik. Iraganeko zein gaur egungo emakume sortzaileen lana ezagutzeko eta arteari ikuspegi feministatik begiratzeko aukera eskainiko du.
– Irakurle talde feminista, literatura abiapuntu hartuta, gai feministen, kezken eta bizipenen inguruan elkarrekin hausnartzeko eta partekatzeko espazioa.
Informazio gehiago behar izanez gero, Saregilekin harremanetan jar daiteke saregile@orio.eus helbidean, 623 178 553 telefono edo WhatsApp zenbakian edota Instagramen, @saregileetxea kontuan.
Honakoa da Saregileren ordutegia:
– Astelehenetik ostegunera: 09:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara
– Ostiraletan: 09:30etik 13:00etara.
