Anibarko Portuko bidegorriaren lanak aste honetan hasiko dira

Zortzi asteko iraupena izango dute lanek, eta bidegorri berriak Gaztetxearen ingurua eta Ortzaikako bidegorria lotuko ditu. Lanak Orioko bidegorri-sarea osatzeko plangintzaren barruan egingo dira.

Bidegorri berriaren helburu nagusietako bat oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza egokia eta segurua bermatzea izango da. Inguruak, gainera, ezaugarri oso egokiak ditu bizikletaz zein oinez ibiltzeko: eremu laua da eta Oria ibaiaren ertzetik igarotzen da. Horrez gain, trazatuaren inguruan ‘puntu ilun’ gisa identifikatutako eremua ere argiztatuko da, inguruko segurtasuna hobetzeko.

Lanak EREGI HERRILAN ETA ZERBITZUAK S.L. enpresak egingo ditu, 207.219,63 euroko aurrekontuarekin, BEZa barne.

Udalak, gainera, 100.000 euroko dirulaguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldunditik. Laguntzak, beraz, lanen kostuaren erdia estaliko du.

Herriko bidegorri-sarea osatzen

Etorkizunera begira, Anibarko Portua eta herrigunea lotzeko hurrengo lanak Dike eta Arozena eremuan izango dira. Eremu horiek garatzen direnean, bidegorriaren hurrengo zatia ere egitea aurreikusten du Udalak.

Helburua da, pixkanaka, herriko hainbat gune lotuko dituen bidegorri-sare jarraitua osatzea eta eguneroko joan-etorrietan oinezkoen zein bizikleten mugikortasun segurua eta erosoa sustatzea.