Bi egun barru piztuko dira parrillak Herriko plazan. Urriaren 2tik 4ra Parrilla Festa ospatuko dugu Orion, eta hiru egunez arraina, gastronomia eta herriko giroa izango dira protagonista.
Egitarauan, besteak beste, sasoiko arrainen pintxo-poteak, arraina Orioko modura erretzeko bazkaria herriko parrilleroen laguntzarekin eta herriko tabernen errazioekin, Txakolin Eguna, eta marmitakoa izango dira. Horrez gain, arrantza eta gastronomiarekin lotutako bestelako jarduerak ere antolatu dira.
Oraindik Turismo Bulegoan eskuratu daitezke larunbateko bazkarirako txartelak.
Pintxo-potea: esperientzia gastronomikoa
Parrilla Festa urriaren 2an hasiko da; 20:00etan egingo da irekiera ofiziala, parrillak gori-gori daudela. Jarraian, 20:05ean, pintxo-pote berezi bat izango da plazan: herriko parrilleroak arraina erretzen ariko dira eta, talde txikitan, herritarrei azaldu eta erakutsiko diete arraina Orioko modura nola erretzen duten.
10-12 pertsonako taldeetan egingo da esperientzia, eta parrillero bakoitzak bere jardunaren nondik norakoak azalduko ditu: arrain bakoitzaren ezaugarriak, prestatzeko modua, parrillan nola erretzen den edota olio-errea nola egin eta botatzen zaion. Egunean bertan lonjatik ekarritako sasoiko arrainak izango dira. Muxarra, erreboiloa, txitxarroa, zapoa edo une horretan eskuragarri dagoen beste arrainen bat izan daiteke.
Herriko Plaza elkarte gastronomiko bihurtuko da
Urriaren 3an, larunbatean, Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da. Bazkari berezia izango da. Herriko tabernek prestatutako errazioak izango dira lehenengo plater modura, baita postrea eta edaria ere, baina arraina erabiltzaile bakoitzak ekarri beharko du, baldintza batekin: Orioko arraindegi batean erositako arraina izan beharko du. Erosketa-tiketa eskatuko da, eta Orion erosi ez den arraina ezingo da parrilletan erre.
Lehen platerak dastatu ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek edo bik eurek prestatuko dute arrain errea parrillan, herriko parrilleroen laguntzarekin. Helburua ikastea eta ondarea transmititzea denez, parrilleroak bertan izango dira aholkuak eman, lagundu eta arraina Orioko modura nola egiten den erakusteko.
Herriko tabernek prestatuko dituzte sarrerako errazioak: entsalada, txanpinoiak, txipiroia eta txuleta-paella. Postrea eta edaria ere izango dira.
Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek taldeetan antolatu beharko dute. Talde bakoitzeko ordezkari bat edo bi izango dira arraina parrillan erretzeaz eta mahaiaren antolaketan laguntzeaz arduratuko direnak.
Pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu —arraina aparte—. Prezioan sartuko dira errazioak, postrea, ikatza, olioa eta sua egiteko beharrezko materiala, ura eta sagardo-txotxa. Beste edari batzuk ere salgai izango dira, prezio murriztuan, elkarte gastronomikoetan bezala.
Marmitakoa eta Txakolin Eguna
Igandean, azkenik, marmitakoa eta Txakolin Eguna ospatuko dira.
Aldapa elkarteak ohiko marmitakoa prestatuko du 12:30etatik aurrera. Errazio bakoitzak 4 euro balioko du. Mahaiak jarriko dira plazan, herritarrek marmitakoa bertan hartu eta eserita jateko aukera izan dezaten. Marmitakoa osatzeko, herriko tabernek ere bestelako errazioak prestatuko dituzte eta salgai jarriko dituzte plazan.
Horrez gainera, Txakolin Eguna ospatuko da. Inguruko lau ekoizleren txakolinak dastatzeko aukera egongo da: Bodega Katxina, Blai Txakolindegia, Arbela Txakolina eta Zudugarai. 6 euroren truke, lau txakolindegietako txakolin-trago bana dastatu ahal izango da.
Hauxe da egitaraua:
Parrilla Festa
Urriak 2, ostirala
- – 20:00 Parrillak piztu eta irekiera ekitaldia.
- – 20:05 Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Urriak 3, larunbata
- – 13:30 Elkarte gastronomikoa plazan. Arraina Orioko modura erreta, herriko parrilleroen laguntzarekin.
- – 20:00 Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Urriak 4, igandea
- – 12:00 Txakolin Eguna: Bodega Katxina, Blai Txakolindegia, Arbela Txakolina eta Zudugarai.
- – 12:30 Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.
