Txakurrentzako hiru gune egokituko ditu Udalak, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko

Txakur jabeen eta gainerako herritarren arteko elkarbizitzak zailtasunak sortzen ditu maiz. Indarrean dagoen ordenantza betetzeko eskaerak eta txakurrak aske ibili ahal izateko gune egokiak izateko beharra agertzen dira eztabaida horren bi aldeetan.

Udalak bi eskaera horiei erantzun nahi die, eta, horretarako, txakurrentzako hiru gune egokituko ditu herrian: orain arte erabilgarri egon den Muntuko gunea mantendu eta handitu egingo da, eta beste bi gune berri sortuko dira, Abaromendin eta Anibarko Portuan.

Muntuko gunea handitzeko lanak egin dira dagoeneko, eta epe motzean iturri bat ere jarriko da bertan. Gaur hasi dira Abaromendiko gune berriaren itxitura eraikitzen, eta hauek amaitutakoan, Anibarko Portuaren amaieran kokatuko den hirugarren gunea egokitzeko lanak egingo dira.

Dena den, azpiegiturak sortzea ez da nahikoa. Udalak, era berean, txakur bat duten herritarrei txakurren jabe izateak dakartzan betebeharrak eta erantzukizunak gogoraraziko dizkie, eta indarrean dagoen ordenantza betetzen dela zainduko du.

Helburua argia da: txakurrek behar dituzten espazioak bermatzea, herritar guztien eskubideak errespetatzea eta guztion artean elkarbizitza hobea eraikitzea.