Barraken kokapen berria San Nikolas festetan: Mendibeltz ondoko aparkalekuan jarriko dira

Andramari inguruko proiektua dela eta, San Nikolas jaietako barrakek kokapen berria izango dute aurten. Barrakek behar duten espazioa kontuan hartuta, Mendibeltz ondoko aparkalekuan jartzea erabaki da, zehazki, aparkalekuaren mendebaldean, etxebizitzekiko tartea utzita.

Barrakak muntatzeko, abenduaren 1ean, asteartean, eguerdirako, aparkalekuaren zati handi bat hustu beharko da. Muntaketa-lanak amaitu eta segurtasun-neurriak bermatu ondoren, abenduaren 4an, ostiralean, jarriko dira martxan barrakak.

Aurten, barrakak sei egunez egongo dira zabalik, abenduaren 4tik 9ra. Egonaldiaren iraupena murriztea erabaki da, kokapen berrian inguruko bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko eta aparkalekua ahalik eta lasterren berriro erabilgarri egon dadin.

Abenduaren 10ean, desmuntatze-lanak amaitutakoan, aparkaleku osoa erabilgarri egongo da berriro.

Prezio murriztuak eta zaratarik gabeko ordutegiak

AFADE barraken elkartearekin adostuta, abenduaren 9an barrakek prezio murriztua izango dute.

Era berean, musika-ordutegiak ere zehaztu dira, eta egunero zaratarik gabeko bi tarte izango dira: goizez, 11:30etatik 12:30etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 18:00etara.

Festak amaitutakoan, kokapen berriaren egokitasuna baloratuko da.