Aurtengoan ere iritsi da azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna; eta hori dela eta, Orioko Udalak indarkeria matxista ororen aurkako gaitzespena adierazteaz gain, indarkeriarik gabeko bizitzen alde egin nahi du aldarri: Bizitza askeak plazer.
Berdintasunaren bidean emandako urratsen aurrean, ikusten ari gara oldarraldi orokor bat badela gizartean. Feminismoaren aurkako jarrerak zein gorroto-mezuak areagotzen ari dira, eta adierazi nahi dugu ez dugula onartuko oinarrizko giza eskubideetan atzera pausorik. Orioko Udalak konpromisoa hartzen du harreman osasuntsuetan eta elkarbizitza onean oinarritutako herria lantzen jarraitzeko. Azken finean, indarkeria matxistak dituen adierazpen, forma eta dimentsio ororen prebentziorako, kontzientziaziorako, artatze osorako eta erreparaziorako baliabideak eta zerbitzuak garatzen jarraitzeko eta hobetzeko.
Indarkeria matxistaz ari garenean, egiturazko arazo sozial batez ari gara. Ez da emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik. Jendartea osatzen dugun herritar orok ardura hartu behar du. Alde horretatik, Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek bultzatutako 2026ko azaroaren 25eko kanpainaren leloa ekarri nahiko genuke gogora: “Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du”. Indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean, herritarrak gizartean duten lekuari buruz hausnartzera bultzatu nahiko genituzke. Indarkeria matxistaren aurrean, ez baitago leku “neutrorik” eta pertsona bakoitzak hartzen duen kokalekuak dena alda dezake.
Hori horrela, indarkeria matxistari aurre egiten ari diren emakumeak babestu behar ditugu, sinesgarritasuna emanez, ez epaituz eta noski, euren babeserako zein lengoratzerako, besteak beste, baliabideak eskainiz eta inguruan sarea eta komunitatea sortuz.
Paraleloki, Orioko Udalak berdintasunaren alorrean eta indarkeria matxistaren aurkako jardunean urratsak ematen jarraituko du, besteak beste:
- Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko erakunde arteko protokoloa hobetzen, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeekin esku-hartzean urratsak emateko.
- Emakumeentzako aholkularitza psikologikoa eta juridikoa eskaintzen.
- Neska gazteak ahalduntzeko eta indarkeriari gabeko bizitzak garatzeko baliabide pegagogikoak lantzen.
- Hezkidetzan eta tratu onetan oinarritutako herri eredu bat eraikitzeko ikastetxeekin, elkarlanean, proiektuak garatzen.
- Indarkeriaren erreparaziorako baliabideak eskaintzen, artatze on batetik hasi eta osatze prozesu indibidual eta kolektiboa gauzatzeraino.
- Indarkeriari aurre egiten ari zaien emakumeentzako bidelaguntza eta ibilbide seguruak eskaintzen.
Iluntzean, elkarretaratzea
Amaitzeko, indarkeria matxista mota oro desagerrarazteko borrokan, herriko eragile, erakunde eta gainerako udalerriekin elkarlanean lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du Orioko Udalak. Eta hori horrela, Mugimendu Feministak gaur iluntzerako deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko dei egiten die herritar guztiei: 19:00etan Herriko Plazatik abiatuta.
