Inkesta bat betetzea eskatzen die Udalak herritarrei, aurten egin nahi duen berdintasun-planerako datuak biltzeko

Orioko Udalak emakume eta gizonen arteko berdintasun-plana idatzi nahi du aurten, Kalaka aholkularitza-enpresaren laguntzarekin.

Aurrena, herritarren bizipenak eta iritziak bilduko ditu Udalak, inkesta eta lansaio irekien bitartez, eta bildutako datuekin egoeraren diagnostikoa egingo du.

Udalak, beraz, ondoko inkesta anonimo hau betetzea eskatzen die gaiarekin interesa duten herritarrei:

https://labur.eus/Orio2021

Inkestaren helburua oriotarren bizipen eta iritzi pertsonalak modu anonimoan jasotzea da. Bildutako erantzunak konfidentzialtasun osoz tratatuko dira.

Inkesta betetzeko minutu gutxi batzuk behar dira eta onena oraintxe bertan egitea da 🙂 Nolanahi ere, inkesta betetzeko linka operatibo egongo da irailaren 15a arte eta, beraz, hori izango da azken eguna bete ahal izateko.

Zer da berdintasun-plan bat?

Berdintasun-plana neurri-sorta bat da, bermatzen duena emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela alor guztietan. Neurri-sorta hori bezain inportantea da, ordea, berdintasun-plana osatzeko prozesua. Prozesuan prestakuntza-saioak, lansaioak eta bilerak antolatzen dira, berdintasunerako bidean ezinbestekoak diren gaiak lantzeko: soldata arrakala, bereizketa bertikala eta horizontala, sustapenerako aukerak, beirazko sabaia, indarkeria, jazarpen sexistak, eta abar. Berdintasunean bizi garela uste dugu maiz, baina, gaian pixka bat sakontzen hasi orduko, berehala ohartzen gara oraindik asko dugula egiteko.