Programan parte hartzen ari diren gazteek marketin digitalari buruzko prestakuntza jasoko dute irailean eta proiektuak garatuko dituzte eskualdeko enpresekin.
HAZILAN programako 4. edizioko parte-hartzaileek amaitu dute programaren lehen fasea. Bertan gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landu dituzte (proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea…).
Bigarren faseari (Talentu Ihesa Ekiditen) irailean ekingo diote. Bigarren fasean, alde batetik, 200 orduko prestakuntza jasoko dute marketin digitalaren arloan eta, bestetik, proiektuak garatuko dituzte eskualdeko enpresekin elkarlanean. Enpresen proiektu horietan honako edukiak landuko dituzte:
- Enpresaren sare sozialen estrategia garatu eta SEO/SEM posizionamendua hobetu
- Enpresaren bloga garatu
- E-maila marketina, zozketak eta online publizitatea
- Online komunikazioaren legediaren jarraibideak
Proiektuak irailetik abendura bitartean garatuko dituzte eta Udal Elkarteak izendatutako koordinatzaile baten laguntza izango dute.
Hazilaneko edizio honetan, 15 pertsona hasi ziren, eta, dagoeneko, batek lana topatu duelako utzi egin gaitu. Guztira, 12 emakume eta 2 gizon ari dira parte hartzen. Hazilanen, 20-44 urte bitarteko herritarrek parte hartu dezakete. Oraingoan, 20-30 urte bitarteko 3 pertsona ari dira parte hartzen, 31-40 urte bitarteko 6 eta 41-44 urte bitarteko 5.
Parte-hartzaile guztiak eskualdekoak dira: 8 zarauztarrak, 5 zumaiarrak eta aiar 1.
Zer da Hazilan?
Gazteei gaur egun beharrezko dituzten trebetasunak bereganatzen laguntzeko eta, era berean, enpresek dituzten beharrei erantzuteko programa da. Programaren balio erantsia da esperientzian oinarritutako ikaskuntza jasotzea, hain juxtu ere gaur egun enpresek eskatzen dituzten trebetasun eta konpetentziak lantzeko.
Zer lantzen da eta nola?
Gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko ditugu: proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea.
Programak bi fase edo atal ditu. Parte-hartzaileek lehendabizi AKTIBATU urratsa egingo dute: zeharkako konpetentziak landuko dituzte ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Ondoren, laneratzeko aukera eta bideak aztertuko dira parte-hartzaile bakoitzarekin, bere ezagutza, jarrera, nahi eta ezaugarrien arabera: proiektu zehatzen lanketa, praktikak, prestakuntza lanpostuan bertan…
Programa operatiboa 2016-2020
Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).
Hazilan buruzko informazio gehiago:
http://www.urolakosta.eus/eu/hazilan-programa