Kultura, Festak eta Turismo batzordeko buru Lourdes Salsamendik ohar hau argitaratu du, San Pedro jaiak antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak emateko:
2018ko sanpedroak bukatu dira eta berriro eskerrak eman behar ditut.
Giro aparta izan dugu antolatutako ekintza guztietan. Oraingoan ere herritarrak izan dira protagonista eta festak giro onekoak eta baketsuak izan dira, Zaragueta eskolak Musika Eskola, Salatxo eta Harribileko kideen laguntzaz botatako txupinazotik hasita.
San Pedro egunean meza eder bat entzun zuten oriotarrek Salatxo abesbatzari esker eta gero, eguerdian, kontzertu zoragarri bat eman zuten Herriko Plazan Salatxok eta La Jodedera taldeak. Oso ederra izan zen elkarrekin eman zuten saioa eta, beraz, nire zorionik beroenak zuzendariari eta abesbatzako kideei. Arratsaldean sokadantza izan genuen, azken urteotan bezala. Oriotar ugarik parte hartu zuen, dantzan zein ikusle, eta zoriontzekoa da dantzariek urtez urte egiten duten lana.
Aurtengo Euskal Jaiaren egunean garai bateko ezkontza antzeztu zuen taldeari txalo handi bat, egindako guztiagatik. Egin zenuten lanagatik egun zoragarria pasatu genuen herritar askok. Gustu handia ematen du ikusteak oriotarrok gai garela, nahi badugu, festa ederrak denon artean ondo antolatzeko.
Buruhandi eta erraldoien konpartsari ere eskerrik asko. Badakit talde honek ere esfortzu handia egiten duela kalejira aurrera ateratzeko eta, horri esker, urtetik urtera ederragoa da.
Ikastolako ikasleek estropada polita antolatu zuten eta Zaraguetako guraso elkarteak aurten ere, futbol txapelketa. Aukera izan nuen bertan egoteko eta txalogarria da talde honen lana ere.
Pilota elkartekoei ere zorionak, beste festa bat gehiago antolatu dutelako. Garrantzi handia du gure herriko kirolei eusteak, eta pilota elkarteak posible egiten du urtero.
Udaleko teknikariei, brigadari eta Udaltzaingoari, eskerrik asko zuen laguntzagatik. Nire eskerrik beroenak, baita ere, festetako ekintzetan parte hartu duzuen boluntarioei.
Orain dela gutxi irakurri nuen Udala leku onean geratzea ekartzen duten ekintza gehienak herriko eragileen ideietatik eta lanetik sortu direla, eta Udalak ez dituela gero boluntario horiek zaintzen; eta, ondorioz, herritarrak erretzea eta haserretzea bakarrik lortzen dugula. Ez da eztabaidetan hasteko momentua, baizik-eta eskerrak ematekoa; baina bai egia dela Udala borondate onarekin aprobetxatzen dela herriko eragileek eta edozein herritarrek dituzten ideiez; horregatik izaten dira bilera guztik irekiak. Udala beti egon da da prest herritarren eta eragileen ideiak ahal den bezain ondo bideratzeko eta gure esku dauden baliabideak jartzeko. Nire iritziz, ez dago gauza aberatsagorik herritik eta herritarrengandik sortutako festez gozatzea baino.
Beraz, zorionak oriotar guztioi, barkatu norbaitez ahaztu banaiz eta, beti bezala, hobetu beharrekoak hobetuko ditugu; eta zuen laguntzarekin bada, hobeto.
Lourdes Salsamendi. Kultura eta turismo zinegotzia.